euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal amerikar festa lehertuko da asteburu honetan Wyoming-eko Buffalon 2011ko NABOren jaiarekin

2011/07/22

Honako itxura dauka kanpotik Buffaloko Hampton hotelak. Hor egingo da gaur NABOren 2011ko Biltzar Nagusia, EuskalKultura.com ere partaide (argazkia EuskalKultura.com)
Honako itxura dauka kanpotik Buffaloko Hampton hotelak. Hor egingo da gaur NABOren 2011ko Biltzar Nagusia, EuskalKultura.com ere partaide (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

2011ko NABOren Biltzar Nagusia eta Buffaloko euskal jaia, bertako 'Big Horn Basque Club' euskal etxea 30 urte betetzen ari den honetan izango dira gaurtik hasita eta asteburu honetan milaka euskal-amerikar eta lagunen erakarle Wyoming estatu iparraldeko Johnson konderriko buru den herri honetara. Herriak bost mila biztanle baditu, beste hainbeste espero dira, 'Buffalon Bulletin' kazetak bere lehenengo orrialdean iragartzen duenez. Ostegunetik hasita, entzuten hasi dira Europatik gonbidatu etorritako euskal bandaren eta bertako musikari euskal-amerikar eta amerikarren arteko saio inprobisatuak. Gaurtik aurrera, festa euskal-amerikarra lehertuko da duela mende bat baino gehiago euskal ondare eta tradizio handia duen Buffalon.

Buffalo, Wyoming. Euskal herria da Buffalo duela mende bat baino gehiago, euskaldunena baita bertan errotuta dagoen gizatalderik esanguratsuena eta aktiboen mugitzen den kultura eta tradizioa. Horretaz arduratzen da duela 30 urte 'Big Horn Basque Club' delakoa. Bertako euskal ekimenek, ordea, askoz zaharragoak dira, baina duela 30 urte hartu zuten tankera antolatua euskal etxe bat, basque club bat, sortzearekin.

Euskal sentimentu, ondare eta ekimen horren indarrak erakarri du aurtengoan ere Buffaloko herria NABOren Biltzar Nagusia antolatu eta 'ostatatu' duena izatea. Langintza horretan, herria bera --herritarrak zein Udala-- lankide ditu euskal etxeak. Bertakoek betidanik, eta bertako gauza bezala, ezagutu dute euskal ondarea eta hala ospatu izan dute. Aste honetakoa ekitaldi kultural garrantzitsua izateaz gain, ekonomikoki ere izango da garrantzitsua eta seguruenik aurten jenderik gehien ekarri eta mugimendurik gehien izango duen ekitaldia, bestela ere turismo herri aktiboa den Buffalon.

Herriaren eta herritarren lankidetzaren adierazle, duela egun batzudanik herriko kale nagusiko kaleak ikurrinez josirik agertzen direla ikustea, ezker-eskuin, bihar larunbata bertatik pasatuko den kabalkada edo desfile nagusiaren iragarle.

Bestela, atzo ostegunez herriko Hampton hotelean Buffaloko Mitxelena familiaren eskutik eginiko bisitarien harrera-ekitaldiaren ondotik (jatorri baxenabartar eta nafarrekoak nagusi diren Buffalon, Oiartzundik Sunbillara eta Sunbillatik Ameriketara etorri zen familia bakarra dira mitxelenatarrak), euskal musika eta erritmo zahar eta berriez berri hasi ziren bustitzen Buffaloko kaleak. Musika talde bakarra ekarri da Euskal Herritik, Zamudioko Xabi Aburruzaga eta Irkus eta Joxe bere lagunek osatzen dutena, eta hauek izan zuten atzo bertako musikari lagun euskal-amerikar eta amerikarrekin aritzeko aukera. Euren anfitrioia hemen, David Romtvedt da, Humanitateetan unibertsitate-irakaslea izateaz gain, musika kontuetan eta mundu-musikan aditua, eta bere alaba eta emaztearekin batera bapatean musika sortzen eta jotzen dakien gizona. Eta horretaz aparte, euskara ikasle/irakaslea ere bada David, NABOren eskutik.

Atzo helduak dira ere, kasu honetan Utah-ko Salt Laketik, Jean Flesher eta familia. Jean Flesher Estatu Batu mendebaldeko euskal musikaririk arituena eta ezagunena izango da seguruenik. Bere lagun bateriajole edo atabaljole Jean-Pierre 'Panpi' Etchechury-rekin (hau Kaliforniako Fresnotik etorria; bertan, jatorri hernaniarreko Manuela emaztearekin batera Santa Fe euskal jatetxea gobernatzen du) musika jotzen arituko da baita ere, Xabi Aburruzaga eta David Romtvedt kide duen Fire Ants taldea langintza horretan lagun, eguna eta aukeraren arabera.

Gaur ostirala hasteko, goizeko 8:00etan (kazetaria lerro hauek idazten bukatu eta bertara doa segidan) NABO Biltzar Nagusia abiatuko da, eta ondoren arratsalde-gau partez, herria pìxkanaka euskal uhinak jango du. Gaurko egitarauko parte dira tripota edo odolki lehiaketa parkean, karrokanpo txiki enkanteak, euskal artzain-ogi enkantea, eta aipatutako bateko eta besteko euskal musika. Giroa herriko kantinetara ere hedatuko da eta askotan gaueko bederatzietan ixten dituzten jatetxe eta lekuak berandu arte egongo dira asteburu honetan zabalik.

Segituko dugu honi guztiari buruz idazten. Orain NABOren Biltzar Nagusira joatea tokatzen zaio lerro hauek idazten ari denari, Buffalon goizeko 8:00ak direnean eta Euskal Herrian arratsaldeko lauak. Segi bizkor, irakurle!

-Buffaloko NABO Biltzar Nagusiaren eta euskal jaien egitarau eta jakingarriak



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia