euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal amerikano frango bildu zen atzo Bidarrain Frederic Fuldainen omenaldira, tartean mundu kongresukiderik

2007/07/09

Bidarraiko Beñat Berhouet auzapezak --berak ere familiarekin AEBetan, amaren ahizpak hain zuzen-- eskuetan Pierro Etcharrenek (esk) eman dion plaka duela (BasqueHeritage.com argazkia)
Bidarraiko Beñat Berhouet auzapezak --berak ere familiarekin AEBetan, amaren ahizpak hain zuzen-- eskuetan Pierro Etcharrenek (esk) eman dion plaka duela (BasqueHeritage.com argazkia)

PUBLIZITATEA

Berrehun bat pertsona --tartean zenbait dozena amerikano-- bildu ziren atzo goizetik Bidarraira Frederic Fuldain euskal amerikarrari eskainitako omenaldira. Bidarrai bereko Herriko Etxea, Euskal Kultur Erakundea (EKE), San Franciscoko Euskaldunak eta herriko Otxaldetarrak elkartea antolatzaile, omenaldi xinple bezain polita izan zen, lagunek lagunari eginikoa. Bertan zirenetako batzuk egun bereko bigarren saio batean ere parte hartu zuten, Bidarraikoaren ondotik Bilbora mugitu baitziren arratsaldez, gaur gauean hasiko den Euskal Gizataldeen IV. Mundu Biltzarrean parte hartzeko.
Berrehun bat jende bildu ziren atzo goizetik Bidarrai herri baxenabarrera, Euskal Herriko eta Ameriketako lagunek Frederic Fuldain herriko semeari eskainitako omenaldian parte hartzeko. Bere belaunaldiko beste hainbat gaztek bezala, Frederic
Fuldainek gaztetan utzi zuen Euskal Herria Kaliforniara artzain. Lehenik Bakersfielden hiru urtez eta geroztik San Frantzisko hirian, euskal komunitatearen eta euskaldungoaren aldeko lan eskerga egina zen Frederic, joan den urteko urtarrilean zendu zen arte.

Omenaldira bertaratu zirenen artean Estatu Batuetatik --San Frantziskotik bereziki-- etorritako hamaikatxo amerikano zeuden, baita ere garai batean Ameriketan bizi eta urte batzuren buruan euskalerriratutako jendeak, eta euskal diasporarekin bateko edo besteko arrazoinak medio harremana daukaten pertsonak. Horiekin batera, bidarraitar multzoa eta bere bizitza luzean zehar Fredericekin aritu, eta egin zuen lan garrantzitsua ezagutzen zuen hainbat jende. [Eskuineko argazkian, eliz aitzineko gunea, jendez betea, Pierro Etcharren mintzatzen ari dela (argazkia EuskalKultura.com)]

[Omenaldiko irudi bat: aita Cachenaut, Pierro Etcharren --Frederic Fuldainen ohorezko harrizko plaka eskuetan--, Mikel Erramouspe eta Beñat Berhouet mera, honek ere San Frantziskoko euskaldunek eskaini plaka eskuetan (argazkia EuskalKultura.com)]

Horietarik lehena Pierro Etcharren huarte-garaztarra izan zen San Frantziskoko euskal komunitateko buruzagia eta NABO erakundeko presidenteorde dena. Fredericen bizia pasatu zuen eta hitz goxoak izan zituen bidarraitarrarentzat. Ondoren, EKEko presidente Mikel Erramouspe solastu zen eta baita Beñat Berhouet Bidarraiko auzapeza ere. Heien lana osatuz, bi bertsolari jardun ziren, Johnny Curutchet, San Frantziskotik jina, eta Mizel Mateo Bidarraiko bertsolari gaztea. Bertso hunkigarriak bota zituzten biek, Fuldainen bizitza eta lana goraipatuz. Hitzak eta kantak entzun eta gero, Herriko Etxeak eskainitako aperitifa hartzeari ekin zioten bildutako lagunek.

Bere bizitza eta ekarpenari buruzko ikusentzunekoa

Bidarraiko trinketean prestatutako bazkariari hasiera eman aitzin, Frederic Fuldaini buruzko ikusentzunezko ekoizpenaren lehendabiziko emanaldia eskaini zuten. San Frantziskon bizi den Fuldain zenaren arreba entzun daiteke aipatu bideoan. Fuldainen laguna eta San Frantziskon euskaltzale aktiboa den Franxoa Bidaurreta esnazuarrak idazki eder batekin eta bere abotsarekin apaindu zuten bidarraitar gailen honen inguruko lana. Eta San Frantziskon ere bizi den Charles Moustirats euskaldunak ere, bideoa biribilduz, bere uztako bertsoekin ekarpen sentikorra egin zuen.

[Frederic Fuldain zenari buruzko ikusentzunezkoaren lehendabiziko emanaldia eskaini zutenean aretoa jendez gainezka zegoen (Argazkia EuskalKultura.com)]

[Frederic Fuldainen aldeko omenaldian bazkari herrikoia antolatu zuten Bidarraiko trinketean (Argazkia EuskalKultura.com)]

[Kantiruki Nafarroa Behereko musika taldeak bazkaria alaitu zuten. Talde honetako bi partaide, Ameriketako Estatu Batuetan jaiotako euskaldunak ditugu (Argazkia EuskalKultura.com)]

[Eguna akitzeko, pilota partida ospatu zuten Bidarraiko trinketean eta pilotarien artean euskal iparramerikarrak zeuden. Frederic Fuldain pilotazale sutsua genuen.]

Otxaldetarrak elkarteko bolondresek lan bikaina burutu zuten bazkaria prestatzen eta zerbitzen, Kantiruki musika taldeak giroa alaitzu zuen bitartean. Azpimarratzekoa da, Kantirukiko partaidetako bi Kalifornian sortu zirela. Johnny Curutchetek eta Mizel Mateok beste zenbait bertso kantatu zituzten Trinketean bildutakoen atseginerako. Egunari bukaera emateko, pilota partida izan zen, aurretik bideoaren beste emanaldi bat eskaini zutelarik. Euskal Gizataldeen IV Mundu Biltzarreko bost biltzarkide, behinik-behin, Bidarraiko trinketera hurbildu ziren Fuldain zenaren senitartekoekin bat egiteko: Pierro Etcharren, Xabier Berrueta, Philippe Acheritogaray, John Ysursa eta Joseba Etxarri.


Lotura interesgarriak

Astelehenean IV Mundu Biltzarrari hasiera eman zioten
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 7an.

Biltzarraren egitaraua
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007 urteko uztailaren 7an

Frederic Fuldain zenaren omenaldiren deialdia
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007 urteko uztailaren 6an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia