Santiago, Txile. Euskal laburmetraien "Kimuak" programa, arrakastatsu hazi eta zabaldu da azken hogeitik gora urteetan Euskal Herriko mugetatik haratago. Bere izenari lotuta, ekimenaren leloak dio: “Udaberriarekin batera euskal laburgintzan ernatzen diren kimuak jasotzen ditugu, munduko txoko guztietara eramateko”. Zinemaldi askotan parte hartu eta nazioarteko sari ugari bildu dituen programak presentzia nabarmena izan du eta segitzen du izaten munduko euskal etxeetan. Euskal diasporak, txoko bakoitzean, eskertu egiten ditu egungo euskal zinemaren dosi txiki handi hauek.
Oraingoan, Euskadiren Txile, Peru eta Kolonbiako Ordezkaritzak proposatzen du euskal zinemaz formatu laburrean gozatzeko zikloa. Birtuala izango da, beraz abantaila nonahitik segitu ahal izateko. Bost topaketa egingo dituzte, abuztuko lau ostegunetan eta iraileko lehenengoan, 19:30ean (Txileko ordua, Argentinako arratsaldeko 20:30ean eta Euskal Herrian ostiraleko goizaldeko 1:30ean), Kimuak-eko film labur sorta bat ikusteko.
Edukiera mugatua denez, topaketa birtualetara sartzeko erregistratu egin behar da. Izena ematea oso erraza da: inprimaki bat bete zure partaidetza baieztatzeko. Ondoren, ekitaldira sartzeko esteka jasoko duzu.
Ekimenean lankide, Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Filmategia eta Etxepare Euskal Institutua.