Kultur Eragileak izeneko bideo-elkarrizketa bildumak kultur ondareari eta batez ere euskal kultur ondareari buruzko gogoeta egitera bultzatzen du. Euskadiren Argentina eta Mercosurrerako Ordezkaritzak, kultur eragile horiekin grabatutako materiala eskaintzeaz gain, interesa duten euskal etxeei bideoetan agertzen diren euskal erreferenteekin bideokonferentziak egiteko aukera ere ematen die. Probesteko moduko aukera!
Buenos Aires, Argentina. Karlos Argiñano, Kirmen Uribe, Toti Martinez de Lezea, Jesus Altuna, Bernardo Atxaga, Kepa Junkera, Iñaki Perurena, Helena Taberna eta Urko dira Kultur Eragileak elkarrizketa bildumak batzen dituen Euskal Herriko kulturaren oihartzun handiko pertsonetako batzuk.
Kultura Ondarea Sariaren baitan Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak sortutako ekimena euskal etxeetara hurbildu nahi du orain Euskadiren Argentina eta Mercosurrerako Ordezkaritzak, eta jakinarazten die interesatu guztiei materiala hemen dagoela eskuragarri.
Elkarrizketei dagokienez, Ordezkaritzatik adierazten dute “oro har kulturari buruz baina batez ere euskal kulturari buruzko hausnarketak bideratzen ditu(ela). Oso material ona da Euskal Herriko kultur erreferente direnen ideiak eta pentsaera ezagutzeko. Horregatik eta euskal etxeek normalean antolatzen dituzten ekintzetarako oso baliagarriak izan daitezkelakoan, instituzioen esku jarri nahi dugu. Materialarekin batera, gainera, interesa duten instituzioei beste proposamen bat eskaini nahi diegu: erraztea euskal etxeei elkarrizketetan agertzen diren kultur erreferenteekin bideokonferentziak antolatzeko”.
Proposamen honen barruan ekintzaren bat antolatu nahi duten euskal etxeek Euskadiren Argentina eta Mercosurrerako Ordezkaritzako Harreman Instituzionalen arduraduna den Mariana Satosteguirekin (marianasatostegui@euskadi.eus) jarri behar dira kontaktuan. Berak emango die informazio gehiago eta materialaren erabilerari buruzko azalpenak.