euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskadiren Ordezkaritzak Argentinan filmak, erakusketak eta materialak eskaintzen dizkie EEei, ekimenak antola ditzaten

2018/02/22

Kultura zabaltzeko hainbat baliabide eskaintzen ditu Ordezkaritzak
Kultura zabaltzeko hainbat baliabide eskaintzen ditu Ordezkaritzak

PUBLIZITATEA

Udako oporraldia amaitzear dago Hego Hemisferioan eta Argentinako euskal etxeak urte osorako egitarauak finkatzen eta aurkezten hasiak dira. Euskal etxe eta elkarteen lana lagundu, erraztu eta osatzeko asmoz, Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkaritzak gogora arazten du kultur eskaintza ugaria daukala erabilgarri eta hala eskatzen duten euskal etxe eta elkarteen eskura jarria, hauek urteko euren plangintza eta egitarauetan sartu ahal izan ditaten. Hona materialaren zerrenda. Eman begiratua eta eskatu batere lotsarik gabe!

Buenos Aires, Argentina. Euskal kulturaren hedapena sustatze aldera, material ugari dauka Euskadiren Argentinako Ordezkaritzak euskal etxe eta elkarteen eskueran erraz erabiltzeko moduan  jarria, tartean erakusketak eta ikus-entzunezko katalogoa.

Erakusketei dagokienez, lau dira eskaintzen direnak: ‘Gernikako Bonbardaketa’ri buruzkoa; ‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’; ‘Euskal Baserriak’ argazki erakusketa; eta ‘Begiradak eraldatzen’, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak 1989tik plazaratutako hainbat kanpainatako materiala biltzen duen erakusketa. 

Lehenengo biak bannerretan daude eta interesa duten euskal etxeek eskatzea baino ez dute. Ordezkaritzatik beti ere aholkatzen dute komeni dela eskabideak egiterakoan eskualde bereko zenbait euskal etxe edo elkartea ados jartzea elkarrekin eskatu eta bidaltze kostuei banatuago aurre egiteko. ‘Euskal Baserriak’ eta ‘Begiradak eraldatzen’en kasuan, berriz, formatu digitalean eskaintzen ditu Ordezkaritzak eta euskal etxe bakoitzaren esku geratzen da hauek inprimatzea, beraientzat egokien eta errazenen suertatzen zaien moduan (bannerrak, posterrak...).

Ikus-entzunezkoak eta liburu digitalak

Ordezkaritzak eskaintzen duen katalogoak 120tik gora izenburu biltzen ditu, ETB eta Canal Vasco lankide, garai guztietakoak, bi kategoriatan bereizita: Pelikulak eta Dokumental-Erreportajeak. Bigarren multzoaren barruan, gai ugari sartzen dira, besteak beste, politika, artea, historia, kirola, hiriak, euskara, sukaldaritza, jaiak, tradizioak, erlijioa, geografia, moda, musika eta migrazioa.

Erakusketak zein ikus-entzunezko materiala lortzeko, aski da interesatuek Ordezkaritzarekin kontaktatzea n-oreja@euskadi.eus edo marianasatostegui@euskadi.eus helbide elektronikoetan.

Gogoratu, bestalde, euskal etxeetako bazkide guztiek ‘eLiburutegi’ liburutegi digitaleko zerbitzua erabili dezaketela. ‘eLiburutegia’ euskarazko, gaztelaniazko eta beste hizkuntza batzuetako liburu elektronikoen bilduma zabala da, eta etengabe hazi eta gaurkotuz doa Euskal Herrian. Bi modutan erabil daiteke: batetik, streaming bidez; eta, bestetik, edozein motatako nabigatzaile edo sistema eragileren bitartez irakurketa digitaleko gailura deskargatuta. Interesatuek erabiltzaile bat eska dezakete hona: http://www.eliburutegia.euskadi.eus. Anima zaitez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia