Buenos Aires, Argentina. Urteurren zeremonia joan den astelehenean, ekainaren 11an, izan zen eta urtero legez Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioko kideekin batera hiriko agintariek ere hartu zuten parte. Diego Santilli alkate ordeak eta Diego Ibarbia Fundazioko lehendakariak hitz batzuk zuzendu zizkioten hara bildutako publikoari eta ondoren Joaquin Sucunza apezpikuak otoitza egin zuen eta segidan bertaratutakoek bi koroa ereinotz utzi zituzten Buenos Aires (bir)fundatu zuen Juan de Garay-ren oroigarriaren oinarrian.
Aipatutako agintariez gain, Euskal Echea Eskolako lagun talde bat, Patricios erregimentuko pelotoi bat eta, Eusko Jaurlaritzaren izenean Sara Pagola Argentina eta Mercosur-erako euskal ordezkaria ere partaide izan ziren, Enrique Fagoaga Euskal Echea Elkarteko lehendakariarekin batera, Fundazioko hainbat lagun eta publiko orokorra ere bertan.