Buenos Aires, Argentina. Europar Batasunak eta Nazio Batuen Erakundeak daramaten Spotlight programak emakumeen kontrako indarkeria “saihestu, aintzat hartu eta salatzeko” helburua du. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “ekimenak emakumeen kontrako indarkeriaren adierazpen larriena den feminizidioa dauka ardatz” eta arretaz begiratzen die “familia barruko eta sexu indarkeriari, pertsonen salerosketari, eta sexu eta lan esplotazioari”. Programaren aurkezpena CCK Kultur Gunean izan zen, Argentinako presidente Mauricio Macri bera partaide. Euskadiren Argentina-Mercosurrerako ordezkari Sara Pagola ere bertaratu zen. Argazki gehiago, hemen.
Aipagarria da Argentinako Euskadiren Ordezkaritzak genero ekitatearen aldeko eta indarkeriaren kontrako kanpainak lagundu ohi dituela. Martxoaren 12an bertan, adibidez, ‘Ser mujeres en la ESMA’ (ESMAn emakume izatea) izeneko erakusketaren inaugurazioan izan zen Pagola. ESMA atxilotze zentro klandestinoan, Argentinako azken diktadura militarrean, emakumeek pairatutako genero bortizkeria eta sexu delituak jorratzen ditu erakusketak.
Gogora dezagun genero inguruko gaietan interesa duten elkarteak Euskadiko Ordezkaritzarekin jarri daitezkeela kontaktuan. Ordezkaritzak euskal etxeen esku jar ditzake Emakumearen Euskal Erakundeak (Emakunde) plazaratutako hainbat kanpainatako materiala biltzen duen 'Begiradak Eraldatzen' erakusketa eta baita ‘Volar’ dokumentala ere.