Habana, Kuba. eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak azterlan bat aurkeztu zuen joan den ostiralean euskal lankidetzaren eta Habana Hiriko Historialariaren Bulegoaren arteko harremana arakatuz. Lanak 1997tik Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikak sailaren menpekoa den agentzia honek etengabe eta modu egonkorrean lagundutako birgaitze- eta ondare-ekimenak eta sustapen sozioekonomikoko proiektuak aztertzen ditu.
Paul Ortega Etcheverry elankideko zuzendari denak azaltzen duenez, 90eko hamarkadaren hasieratik, Kubak eta Euskadik elkarrekin lan egiten dute garapenerako lankidetzaren arloan. Historialariaren Bulegoa euskal lankidetzaren partaideetako bat da, eta Habanako Zentro Historiakoaren balioak zaintzeaz arduratzen da. Horretarako, birgaitze, zaharberritze arkitektoniko eta eraldatze sozioekonomikoko ekintzak bultzatzen ditu, barruti horretan bizi diren pertsonentzat baldintza duin eta jasangarriak sortuko dituzten aukerak sustatzea helburu.
Tecnalia da lankidetza bideratzen duen erakundeetako bat (2019ko bideoa, Cuba informacion TV)
Euskal kooperazioak Bulegoarekin egindako lehenengo proiektuak 1997an hasi ziren Eusko Jaurkaritzarekin eta ondotik etorriko ziren Euskal Fondoak babestutako ekimenak. Geroztik euskal lankidetzak 48 ekimen finantzatu zditu, 11,9 milioi euro baino gehiagorekin. Guztira, 10 erakunde izan dira bulegoarekin elkarlanean aritu direnak; aipatutakoez gain, Bilboko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Tecnalia Fundazioa, Mundubat eta KCD erakundeak eta Somorrostro Ikasketa Zentroa, azaldu zuen Ortegak.
eLankidetzako zuzendariak esan zuen eragile bakoitzak bere espezializaziotik elementu berritzaileak eta gakoak eman dituela Kubako erakundeak dagoeneko duen ikuspegia indartzeko. Besteak beste, jorratu dituzte ondarea, zaharberritzea, adinekoei eta dibertsitatea funtzionala duten pertsonei laguntzea, kultura indartzea, ahalduntzea eta genero-ikuspegitik kalteberak diren kolektiboekin lan egitea. Orotara urte horietan 44 interbentzio leku zenbatu dira Habana erdigunean.
Liburua jaurtiko 2024an
Aurkezpenean, Paul Ortega Etcheverryk nabarmendu zuen sistematizazioaren ondorioetako bat dela “Historialariaren Bulegoarentzat euskal lankidetzaren babesa azken 25 urteetako luzeena, iraunkorrena, estrategikoena eta egonkorrena izatea” eta gaineratu du, “elkarlan hori konfiantzari, errespetuari, elkar ulertzeari eta talde lanari esker" izan dela posible. Era berean, berrikuntzak lortutako aldaketetarako eragile gisa jokatu duen papera azpimarratu zuen.
Zentzu horretan, nabarmentzekoak dira ondarea zaharberritzeko proiektuak; zaharberritzetik datozen hondakinen birziklapena; puntako teknologien inplementazioa hainbat sektoretan, hala nola azpiegituretan eta irisgarritasunean; ekonomia sortzaileen sorrera; gazteentzako prestakuntzarako espazioak edo adinekoei eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei zuzendutakoak. Emaitzok 2024an argitaratuko den liburu batean islatuko dira, modu bisualean eta testigantza bidez, Habana Hiriko Historialariaren Bulegoaren eta euskal lankidetzak landutako ekimen guztiak jasorik.