Katalogoa bi kategoriatan dago banatuta, Filmak; eta Dokumental eta Erreportajeak. Materiala euskal etxeei eskaintzen zaie, eta eskuratzeko eskaera formal bat egin behar du erakundeak, zein pelikula edo dokumentala eskuratu nahi duen eta noiz proiektatuko duen adieraziz. Katalogoak Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritzak sortu du, ETB eta Canal Vascoren laguntzarekin.
Buenos Aires, Argentina. Gero eta gehiago ari da zabaltzen Argentinako euskal etxeen artean euskal zine zikloak antolatzeko ohitura; aktibitateak oso harrera ona izan ohi du publikoan eta aukera ederra bilakatzen da euskal etxeentzat, euren ateak irekitzeko, jende berriarengana heldu eta proposamen interesgarriak eskaintzeko.
Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritzak, ETB eta Canal Vasco laguntzaile sortutako katalogoak 120tik gora izenburu biltzen ditu, garai guztietakoak, Euskal Telebistan emandakoak, eta bi kategoriatan daude bereizita: Pelikulak eta Dokumental-Erreportajeak. Bigarren multzoaren barruan, gai ugari sartzen dira, besteak beste, politika, artea, historia, kirola, hiriak, euskara, sukaldaritza, jaiak, tradizioak, erlijioa, geografia, moda, musika eta migrazioa.
Ordezkaritzak materiala erreproduzitzeko baimena du, baldin eta tituluak euskal etxeen ekintzen baitan proiektatzen badira. Eskabidea Ordezkaritzaren bidez behar da egin honako baldintza hauek betez:
1 Euskal etxeek eskaera formala bidali behar diote Ordezkaritzari, emailez, eskuratu nahi dituzten bideoak adierazita.
2 Bideoak eskuragarri ipiniko zaizkio Buenos Aireseko Ordezkaritzan.
3 Proiekzioari dagokionez: a. Euskal etxeak areto bat propio behar du prestatu, filma proiektatu ahal izateko. b. Dagokion publizitatea –noiz eta non izango den emanaldia jakinaraziz– egitera konprometitzen da erakundeko kide eta, oro har, interesatuen artean. c. Filmaren aurreko eta ondoko debatea bultzatuko du. d. Sarrerak doakoa behar du izan. e. Aktibitatea euskal etxeak antolatutako ekintza behar du izan, bere egoitzean bertan edo euskal etxeak aukeratutako beste leku egoki batean
4 Emanaldia bukatu eta gero, euskal etxeak segimendu fitxa bete beharko du eta Ordezkaritzara bidali, aktibitatearen emaitzak islatuz
Katalogoa link honetatik jaitsi daiteke. Eskaera eta segimendu fitxa Ordezkaritzara bidali behar da, marianasatostegui@euskadi.eus helbidera.