New York, AEB. Klasiko bat bilakatu da dagoeneko. Eusko Jaurlaritzaren Estatu Batuetako Ordezkaritzak aurten ere iragarri duenez, New York Hiriko Maratoiaren bezperan harrera-ekitaldi bat antolatuko du nazioarteko proba famatu honetan parte hartuko duten euskal korrikalariei eta euren familia edo laguntzaileei eskainia. Hitzordua azaroaren 2an, larunbata, gauzatuko da goizeko 9:30etan, Euskadiren Ordezkaritzaren egoitzan bertan, Manhattanen (820 2nd Ave, Suite 13B, New York, NY 10017) eta bertan, propio egindako elastiko bat banatuko zaie karreran parte hartuko duten lagunei, azkeneko edizioetan ere egin den bezalaxe.
Harrera-ekitaldian parte hartu nahi eta elastikoa eurenganatu nahi dutenek email bat beharko dute bidali, izen-deiturak, euren elastiko neurria eta zenbat lagunekin etorriko diren harrera-ekitaldira esanez, honako helbidera: usa@euskadi.eus, urriaren 24aren aurretik.