euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskadin bizi diren euskal-venezuelarrek 2018ko elkarretaratze eta egunpasa egin zuten Galdakaon

2018/05/17

Euskal-venezuelar elkarretaratzeko bazkaria eta Gorka Alvarez Aranburu intsignia ezartzen 86 urteko Felipe Sernari (arg. GAA)
Euskal-venezuelar elkarretaratzeko bazkaria eta Gorka Alvarez Aranburu intsignia ezartzen 86 urteko Felipe Sernari (arg. GAA)

PUBLIZITATEA

Hogeita hirugarrena izan da, Amaya Zenarutzabeitia buru duen Simon Bolivar elkartea antolatzaile. Horietarik gehienak Galdakaon egin izan dira, beti ere Venezuelako euskal komunitatearen eta Euskal Herrian bizi diren euskal-venezuelarren arteko harremanak mantentzea helburu, Euskal Venezuelaren iragan aberatsa eta sentimentu sendoa belaunaldi berriei pasatuz. Ohi bezala, 2018an ere hitzordua komunitatean hildakoen aldeko meza batekin eta ondoren zintzur-bustitze eta senidetasun bazkari batekin ospatu zen, Euskal Herriaren eta Venezuelaren aldeko konpromisoa eta atxikimendua lagun.

Galdakao, Bizkaia. Urtero bezala, hitzordura bildutako lagunak hiru eta lau belaunaldi ere harrapatzen zituzten, tartean Euskal Herrian jaio eta Venzuelan bertako euskal etxeetako kide bizituak, han jaioak eta egun hemen bizi direnak, bi aurrekoen senide eta ondorengoak, eta baita ere Venezuelan bizi izanda egun hauetan gure artean bisitan direnak ere. Guztiak elkarretaratu ziren Amaya Zenarutzabeitiak hutsik egin gabe urtero, Venezuelan aberri egun garrantzitsua den apirilaren 19aren ondoko larunbatean antolatzen duen egunpasa honetara, urte batzuetan Aste Santuko jai-egunekiko borroka gogorra bada ere. Askok, ordea, gorriz markatuta daukate euren egutegian, eta halaxe gertatu da aurten ere, oraingoan apirilaren 21ean giro onean eta lagunarte gisa ospatuta.

Larunbata, nahi izan zuenarentzat, eguerdia pasata Galdakaoko Santa Maria, beheko parrokian eginiko meza batez hasi zen, komunitatean hildakoak gogoan hartuta.

Bazkari arteko denbora elkarrekin sozializatzen eman zuten bildutakoek, askok urtean egun honetan baizik ez baitute elkar ikusi eta agurtzeko aukera izaten. Solasgai, garai bateko hango esperientzia eta bizita eta, nola ez, egungo egoera eta bertan daudenak pasatzen ari diren eskasiazko egoera zaila. Bazkaltzeko, Venezuelako plater tipiko eta gutiziak, horretarako egiten baita nagusi venezuelarrak dauzkan Dog&Fox jatetxean.

Urtero bertaratutakoen artean adinik altuena duenari egiten zaion errekonozimendua Felipe Sernari egin zaio aurten, Eguzkilore bat oparituz. Eguzkilorearen intsignia, izan ere, iaz bezala aurten elkarretaratzeko partaide izan den Gorka Alvarez Aranburu Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariaren eskutik heldu zitzaion 86 urteko euskal-venezuelar eskarmentudun honi.

Datorren urtekoa 24. aldia izango da eta 25.a bertan dago eta entzun dira dagoeneko data biribil hori behar bezala ospatzearen aldeko ahotsak eta aukera hori baliatuz hitzordu hauen guztien antolatzaile izan den Amaya Zenarutzabeitiari esker oneko errekonozimendu bat antolatzearen aldeko iritziak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia