euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskadiko Saskibaloi Selekzioak Argentinako euskaldunak Salta, Chaco eta Cordobako partiduetara deitu ditu

2011/07/01

Euskadiko Saskibaloi Selekzioko kideak (argazkia ESF)
Euskadiko Saskibaloi Selekzioko kideak (argazkia ESF)

PUBLIZITATEA

Uztailean eta abuztuan hiru partidu jokatuko ditu Argentinan Euskadiko Saskibaloi Selekzioak eta, Euskal Herritik milaka kilometrotara egon arren, arduradunek espero dute euskal zaleen babesa izatea. Euskal argentinar zaleen babesa, alegia, bihotza erdibituta ere. Argentinar selekzioa, munduko hirugarrena, izango dute aurrean uztailaren 31an Resistencian (Chaco) eta abuztuaren 7an Saltan. Tartean Cordoba probintziako selekzioaren aurka ere jokatuko dute, abuztuaren 4ean. Euskal Federazioa hiru herri hauetako euskal komunitatearekin harremanetan jarri da, euskaldunak partidetara bil daitezen.

Bilbao, Bizkaia. Euskal Saskibaloi Selekzioa, Pablo Laso entrenatzailea buru duela, Argentinan izango da uztail bukaeran eta bi partida jokatuko ditu Argentinako selekzioaren aurka. FIBA rankingaren arabera munduko hirugarrena da Argentinar taldea eta Ateneseko Joku Olimpikoaetan urrea eskuratzeaz gain (2004an) 1950ko Munduko Txapelketa ere irabazi zuen.

Euskaldunek uztailaren 1an jokatuko dute lehen partidua Argentinar selekzioaren B taldearen aurka (Panamerikar jokoetan parte hartzeko prestatzen ari dena). Abuztuaren 7an izango da bigarren partidua, Salta hirian, eta bertan Argentina A taldea izango dute aurrean (talde preOlinpikoa). Bi hitzordu hauen artean selekzioan beste partidu bat izango du Cordoban, probintzia honetako taldearen aurka, abuztuaren 4ean. Euskal Federazioak Argentinako euskal komunitateari partidu hauetara joan eta taldeari babesa emateko deia luzatu die.

Sarrerak eskatu dituzte

"Cordobako Gure Txokoa euskal etxearekin harremanetan gara jada, ia egunero, e-mail bidez", azaldu dio EuskalKultura.com-i Euskal Saskibaloi Federazioaren presidenteak, Arturo Aguado de Ameztuk. "Eta Salta eta Resistenciako euskal etxeekin ere kontaktua dugu, Euskadiko ordezkaria den Elvira Cortajarenaren bitartez". Eusko Jaurlaritzak babesa eman dio selekzioaren bidaia honi, Euskadiren irudia Argentinan eta Latinamerikan sustatze aldera.

Argentinako selekzioaren aurkako partidak telebista nazionalean izango dira ikusgai, eta euskal selekzioa ETBrekin hizketan ari da euskal kate publikoak ere eman ditzan. Federazioak, bestalde, euskal etxeentzako sarrerak eskatu dizkio Argentinari. "Ez dakigu ze tamainadun pabiloietan ariko garen eta, beraz, ez dakigu zenbat sarrera eskuratu ahal izango ditugun", azaldu du Aguado de Ameztuk.

Euskal etxeetan ekitaldiak

Euskal jokalariek euskal etxeetan antolatzen diren ekitaldietan parte hartuko dutela iragarri du Federazioko presidenteak. "Pablo Laso entrenatzaileak edo nik neuk hitzaldiren bat emango dugu, ziurrenik. Cordobako euskal etxean haurren saskibaloi talde bat omen dago eta jokalariek bisita egin eta gure taldearen ekipazioa oparituko dietela aipatu dugu",  agertu du. 

Aguado de Ameztuk euskal-argentinar komunitatearen erantzun bikaina dela eta selekzioaren poza agertu du eta taldea euskal etxeek antolatzen dituzten ahalik eta ekitaldi gehienetan parte hartzeko prest dagoela gehitu du.

Munduko hirugarrena

Partidu hauek euskal selekzioa munduko hirugarren talde indartsuenaren aurka jokatzen ikusteko -eta animatzeko!- aukera ezohikoa izango dira. Argentinako taldean NBAan ari diren jokalari ezagunak daude (Scola, Nocioni, Ginóbili eta Delfino) eta baita ACBko Prigioni ere. Denak euskal zaletuen ezagunak.

Euskal taldeak ere badu ezagunik, entrenatzailearengandik hasita. Pablo Laso, aurten Lagun Aro GBC taldeko entrenatzailea izan dena, datorren denboraldian Real Madrid talde indartsuaren buru izango da. Jokalarien artean Espainiako ACBko eta Adecco ligan ari diren jokalariak daude, besteak beste Javi Salgado, Ricardo Uriz, Lander Lasa, Urko Otegi eta Jon Cartaberri.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia