euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskadiko Rasines-Tolosa bikotea garaile Txileko Valdivian Euskal Gizataldeen 44. Munduko Mus Txapelketan

2023/10/27

Valdivia Munduko Mus Txapelketa 2023, irabazleak (Euskadiko taldea): Ismael Torralba (deletua) cesar Rasines (txapelduna) Iraide Gorrotxategi (laguntzailea) eta Aitor Tolosa (txapelduna)
Valdivia Munduko Mus Txapelketa 2023, irabazleak (Euskadiko taldea): Ismael Torralba (deletua) cesar Rasines (txapelduna) Iraide Gorrotxategi (laguntzailea) eta Aitor Tolosa (txapelduna)

PUBLIZITATEA

Valdivia, Txile. Euskadiko bikotea, César Rasines eta Aitor Tolosa partaide, txapeldun atera da gaur Txileko Valdivian, bertan aste osoan zehar jokatu den Euskal Gizataldeen arteko 44. Munduko Mus Txapelketan Bigarren Argentina geratu da, Waldo Pérez eta Néstor García muslari, eta hirugarren Estatu Batuetako bikotea, Kaliforniako San Frantziskotik etorritako Philip Eliçagaray eta Aitor Berrueta.

Euskadi geratu da lehenengo, bigarren Argentina eta hirugarren Estatu Batuak; Txapelketak emakume bakarra bildu du, Txileko Carolina Sarratea

"Aste izugarria izan da, adiskidetasunez eta kidetasunez gainezka, musarekiko zaletasuna guztion bilgarri eta kolarri", laburbildu dio EuskalKultura.eus-i Juan Carlos Lago Zugadi ekitaldiko koordinatzaile eta ber denboran Santiago hiriburuko Eusko Etxeko lehendakariorde denak. "Egunero, afalostean, leku batekoak eta bestekoak elkarrekin nahasi dira inpronisatutako partidetan, bikotea aldatuz, afizioa nagusi, gaueko ordu txikiak arte askotan".

Hona irabazleen zerrenda osoa, ordena, bikotea eta herrialdea adieraziz:

01. Euskadi (César Rasines eta Aitor Tolosa)
02. Argentina (Waldo Pérez eta Néstor García)
03. Estatu Batuak (Philip Eliçagaray eta Aitor Berrueta)
04. Frantzia (Peio Urrizaga eta Battite Bidondo)
05. Txile 2 (Carolina Sarratea eta Pedro Echenique)
06. Mexiko 1 (Isidro Mendiburu eta Juan J. Echenique)
07. Mexiko 2 (Julen Ruiz eta José C. Garaicoechea)
08. Peru (Víctor López eta Julen Meneses)
09. Txile 1 (Gaetano Santoro eta Marcelo Artigas)
10. Australia (Ruben Álvaro eta Gorka Ojeda)

Urte batzuetan emakume muslarien presentzia hazten zihoala zirudien, eta izan ere bat baino gehiago izan dira han eta hemen herrialde desberdinetan kanpainak eta bultzadak egiten saiatu direnak emakume eta gazteen artean muszaletasuna susper zedin. Aurtengo Mundukoan Valdivian, hamar bikotetatik, alegia, hogei jokalariren arteab, bakarra izan da emakumea, Txile 2ko Carolina Sarratea.


Sailkapen taula


Munduko Mus Txapelketan parte hartutako muslari, ordezkari, laguntzaile, antolatzaile eta lagunen talde.argazkia

Gogora dezagun hamar izan direla Munduko Txapelketa jokatu duten bikote muslariak, horietatik zortzi beste hainbeste herrialdetako txapeldunak  —AEB, Argentina, Australia,  Euskadi, Frantzia, Mexiko, Peru eta Txile—, eta bigarren bikote bana Txile, herrialde anfitrioi gisa, eta Mexiko, iazko txapeldun gisa, ordezkatuz. Baieztatuta bazeuden ere, azken orduan ez ziren etorri beste lau ordezkaritza —Uruguai, Venezuela, Kanada eta Espainia—. 2024ko Txapelketa Perun jokatuko da, agian Cuscon; eta 2025ekoa Argentinan, Macachinen.

2024ko Munduko Txapelketa Perun jokatuko da, agian Cuscon 

Partaideek Txapelketako saioetan agerian utzitako adiskidetasun giro ezinhobea nabarmendu dute eta antolatzaileek prestatutako bisita programa "benetan oroitzeko modua" esan dute. Txapelketa egiteko hautatuko lekua eta eskualdea, izan ere, famatua da natura eta turismo aldetik dauzkan baliabide eta eskaintza aberatsagatik. Eremu hauek ere, gainera, izan zuten Euskal Herritik etorritako emigranteen presentzia, euskal ostatuekin-eta, eta euskal festak egiten ziren hemen, euskal elkarte bat sortzeko ahaleginen bat ere eginda.

Zorionak txapeldunei, bikote partaide guztiei, antolatzaileei, ikusleei eta laguntzaileei, eta batera edo bestera, bakoitza bere herrialdetik, ekitaldiaren arrakastari ekarria egin dioten guztiei!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia