euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Aita Madinaren 'Orreaga' suitearekin bukatu du bere amerikar bira Buenos Airesen

2007/09/20

Bruno Leonardo Gelber pianojolea entzulegoa agurtzen (argazkia EOS)
Bruno Leonardo Gelber pianojolea entzulegoa agurtzen (argazkia EOS)

PUBLIZITATEA

'Oso gustura' amaitu du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Brasil eta Argentinan zehar egin berri duten bira, joan den asteartean, Buenos Aireseko Coliseo Antzokian emandako kontzertuarekin. Emanaldia oso berezia izan zen, batez ere bertara bildu ziren euskaldunentzat, orkestrak Aita Madinaren 'Orreaga' jo baitzuen, Buenos Airesen idatzi eta estreinatu zenetik 53 urte bete diren honetan.
Buenos Aireseko Coliseo Antzokiak hartu zuen asteartean Euskadiko Orkestra Sinfonikoak azken bi asteotan Brasil eta Argentinara egin duen biraren baitango azken saioa. Emanaldia oso berezia izan zen, Orkestra zazpi urteren ondotik itzultzen zelako argentinar hiriburura. Gainera orkestrako pianojole Bruno Leonardo Gelber bertakoa izaki, eta entzulegoak ezinhobeto hartu zuen taldea. Rachmaninoven hirugarren kontzertuaren interpretazioak aretoa bete zuten 1.750 pertsonen txaloaldia jaso zuen eta pianojole argentinarra agertokira behin eta berriro ateratzea eragin zuen. 'Atsedenaldian, bere aldagela pelegrinazio gune bilakatu zen maisuari autografoak eskatzeko eta zorionik beroena emateko', azaldu dute orkestrako iturriek.

Baina euskal argentinarrentzat gaueko unerik zirraragarriena orkestrak Aita Madinaren 'Orreaga' jo zuenean heldu zen. Bertan estreinatu eta 53 urte beranduago, Aita Madinaren lana berriro Buenos Airesen entzun ahal izan zen eta lehen estreinaldi hartan parte hartu zuten dantzarietako batzuk eta euren senitartekoek entzuleen artean zeuden, emozio biziz emanaldia jarraitzen.

Kontzertua Shostakovitchen Hamargarrenarekin bukatu zen baina gaueko 23.30ak arte luzatu zen azkenean eta orkestrak Guridiren Amorosarekin eta Dvoraken Danza batekin agur esan behar izan zuen. Aurreko gauean, Orkestrak Rosarioko Fundación Astengo Auditoriumean eskaini zuen kontzertua, programa eta bakarlari berberarekin eta rosariotarrei egindako bigarren bisita honek kronika positiboena ere merezi izan zuen.

Esperientzia positiboa

Orkestrako arduradunak pozik agertu dira biraren emaitzarekin eta alde azpimarragarrien artean orkestraren zazpi emanaldiak --bost Brasilen, bi Argentinan-- jarraitu dituzten 11.000 entzuleak edota Brasileko Mozarteum Brasileiro ziklo garrantzitsuan parte hartu izana goraipatu dute.

Entzulegoa mota eta maila askotakoa izan dela azaldu dute EOSeko arduradunek, eta aipamen berezia egin dute Sao Pauloko Heliopolis favelan bizitako esperientziari buruz. Orkestrako bost musikarik Baccarelli Institutuan musika ikasten duten haurrei klaseak eman zizkieten, musika marjinazio eta pobreziatik ateratzeko medio bezala izan dezakeen indarraz oharturik.


Lotura interesgarriak

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS)
www.euskadikoorkestra.es

Elkarrizketa aita Imanol Muruarekin aita Madinaz
Urkiri Salaberriak egina, EuskoNews-en

EOS Heliopolis favelan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko irailaren 14ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia