Buenos Aires, Argentina. Magdalena Mignaburuk eta Josu Legarreta Bilbaok idatzitako “Euskal Echea. 115 años de Confraternidad, Solidaridad y Educación en Argentina” liburuak ‘Euskal Echea' Kultura eta Ongintza Elkartearen historia jasotzen du, sortu zutenetik 1904an gaur arte. Ikerlan sakon baten emaitza den liburua abuztuaren 21ean aurkeztu zuten egileek Euskal Echeak hiriburu argentinarrean daukan egoitzan eta Euskadiko eta Argentinako euskal erakundeen ordezkaritza polita bildu zuen jendaurreko ekitaldian.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu, Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuru Murua, eta Euskadiren Argentina-Mercosurrerako ordezkari Sara Pagola bertaratu ziren. Euskal diasporan adituak diren Alberto Irigoyen eta Xabier Irujo ikerlariak ere bildu ziren bertara eta baita FEVAko eta Laurak Bat-eko lehendakari Arantxa Anitua eta Ekin Argitaletxeko zuzendari eta Eusko Kultur Etxeko buru den Maria Elena Etcheverry de Irujo ere.
Hitza hartzeko momentuan, Gorka Alvarezek Erakundearen historia ondo ezagutzeko liburuak daukan garrantzia azpimarratu zuen; Enrique Fagoaga Euskal Echea Elkarteko lehendakariak bere aldetik esker beroak luzatu zizkien gonbidatuei hain berezia zen une batera biltzeagatik. Liburuaren idazleek, azkenik, Euskal Echearen jardunbidea gailendu zuten, “batez ere mantentzeagatik 1904. urtean Elkartearen sortzaileek ezarritako xedea, ikuspegia eta balioak”.
“Euskal Echea. 115 años de Confraternidad, Solidaridad y Educación en Argentina” liburua Euskal Echean bertan eros daiteke. Aipatzekoa da egileek euren egile-eskubideak laga dituztela eta beren lana musutruk egin dutela.
Aurkezpeneko argazki gehiago, hemen.