euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskadik eta Txilek Justizia arloko akordioa sinatu dute Azkarraga Andeetako herrialdera egiten ari den bisitan

2008/01/24

Joseba Azkarraga eta Patricio Alwyn, Txileko lehendakari ohia eta egun Justizia eta Demokrazia korporazioko presidente dena elkar agurtuz
Joseba Azkarraga eta Patricio Alwyn, Txileko lehendakari ohia eta egun Justizia eta Demokrazia korporazioko presidente dena elkar agurtuz

PUBLIZITATEA

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak eta Urbano Marín-ek, Txileko Gorte Goreneko presidente izendatu berriak, Justizia modernizatzeko lankidetza-akordioa sinatu zuten asteartean, herritarrentzako zerbitzu hau “azkartasunez, gardentasunez eta baliabide publikoen eraginkortasunez emateko helburuarekin”. Azkarragak aurreratu zuenez, datozen hilabeteotan Txileko Gorte Goreneko ordezkariak Euskadira joango dira, EAEn egiten ari den lana ezagutzera, eta ondotik bisita bueltatu egingo zaie.
Gorte Gorenean izandako bileraren ondoren, sailburua Osvaldo Andrade Lan eta Gizarte Aurreikuspeneko ministroarekin bildu zen, beste lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko, Lan-segurtasunaren eta Lanbideren enplegu-bulegoen inguruan. “Bulego horiek —azpimarratu zuen Azkarragak— kalitateko enplegua sortzea dute helburu, batez ere laguntza-behar handiena duten giza taldeentzat, hala nola, gazteak, emakumeak eta iraupen luzeko langabetuak”, Jaurlaritzak banatutako prentsa oharrak islatzen duenez.

[Urbano Marín, Txileko Gorte Goreneko lehendakaria, eta Joseba Azkarraga, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua, bi erakundeen arteko hitzarmena sinatzen]

Bere aldetik, EAEn dagoen “enplegu beteko” egoera goraipatu zuen Andrade ministroak, “gazteen langabezia murrizten jarraitzeko bi alderdiek duten interesa” azpimarratuz. Andrade bileraz baliatu zen Parque por la Paz Villa Grimaldi korporazioa egiten ari den lana —Pinochet-en Diktaduran erail eta desagertutakoen oroimen historikoa berreskuratzea— diruz laguntzeko Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakia aipatzeko. “Villa Grimaldirekin lortutako akordioak —azpimarratu zuen ministroak— hunkitu egin nau, ni ere zentro horretatik bizirik irtendakoetako bat bainaiz”.

Bilera Patricio Aylwinekin eta azken bidai eguna

Astearteko jardunak Txileko lehendakari ohi eta Justizia eta Demokrazia korporazioko presidente den Patricio Aylwinek sailburuari egindako harrerarekin amaitu zen. Bilera horretan Aylwinek Euskadik bizi duen egoera politiko eta ekonomikoari buruz galdetu zuen, baita indarkeriaren arazoari buruz ere. Azkarragaren esanetan, “oso elkarrizketa interesgarria izan da; izan ere, Egiaren eta Adiskidetzearen Batzordeak herri honetan egin duen lana eta Diktadurako militarren epaiketari buruzko Amaipuntuaren Legearen egoera azaldu baitizkigu Txileko lehendakari ohiak. Horrez gain, Maputxeen eskubideak errespeta daitezen Korporazioa egiten ari den lana ezagutu ahal izan dugu” adierazi zuen sailburuak.

Atzo goizean, bere bidaiaren azkeneko egunean, Azkarragak “Kooperatibismoa globalizazioaren esparruan: Euskal Autonomia Erkidegoaren esperientzia” gaiari buruzko hitzaldia eman zuen goizean, Azterlanen eta Garapenerako Zentroan, Txileko gobernuarekin bi hitzarmen gehiago sinatzea aurreikusten zuen programaren baitan, lehenengoa Gizarte Ekonomiari buruzkoa, Bacheleten Gobernuko ministro berria den Hugo Lavados Montes jaunarekin; eta bigarrena Carlos Maldonado Justizia ministroarekin, adingabeei buruz.


Lotura interesgarriak

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
www.juslan.ejgv.euskadi.net

Justizia Administrazioa Euskadin webgunea
www.justizia.net

Txileko Justizia Ministeritzaren webgunea
www.minjusticia.cl

Herritarren Segurtasuna eta Justizia tramite errazak, Txile
tramirefacil.gov.cl

Santo Domingotik pasa ondoren, Txilera heldu da Azkarraga (gazt.)
2008ko urtarrilaren 19an EuskalKultura.com-en argitara emana

Justizia arloko akordio euskal-dominikarra berritu dute (gazt.)
2008ko urtarrilaren 16an EuskalKultura.com-en argitara emana

Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua Argentina eta Uruguain
2008ko abuztuaren 20an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia