Madril, Espainia. 83. Madrilgo Liburu Azoka maiatzaren 31tik ekainaren 16ra ari da egiten hiriburu espainiarrean. Imanol Otaegi, Etxepare Euskal Institutuko Kultura zuzendariak, Quebeceko liburu sektoreko ordezkariekin egindako topaketa batean parte hartu du. Lan-saioaren helburua bi lurraldeen arteko kultur sinergiak garatzea izan da, Quebec-eko eta Euskadiko literatura sektoreko eragileen arteko loturak sendotzea eta euskal literaturaren eta literatura frankofonoaren arteko lankidetzak indartzea, Saison Québec - Pays basque (#QcPaysBasque) kultur konexioaren lankidetza-esparruan, Etxeparek berak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Zalantzarik ez da itzulpenak ezinbesteko tresna direla euskal literatur sorkuntzaren nazioarteko hedapenerako hedapenerako, eta Etxepare Euskal Institutuaren dirulaguntza ildoetako bat, hain zuzen ere, euskal itzulpengintza bultzatzea da. Imanol Otaegik azpimarratu duenez, "euskal literatur lanen %6 bakarrik itzultzen da frantsesera. Ez da nahikoa guretzat ", adierazi du.
Topaketan parte hartu dute Imanol Otaegik, Eneko Bidegain idazleak; Maël Solen Picard, Bartzelonako Quebeceko Bulegoko zuzendariak; Louis Thibaut, Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioko Nazioarteko Gaien eta Esportazioaren Aholkulariak; Adèle Samjee, Bartzelonako Québeceko Bulegoko Kultur Gaien Agregatuak; Arnaud Fulon, Québeceko Liburuen Editoreen Elkarte Nazionaleko ordezkariak (Éditions Hurtubise, Éditions Marcel Dier, Éditions XYZ eta Éditions MultiMondes); eta Antoine Tanguy, Perendale Publishers Limited-eko nazioarteko edizioen arduraduna edizio frantsesen koordinatzaileak.
Imanol Otaegik euskal literaturaren argazki orokorra eskaini zuen Eneko Bidegain idazlearekin batera, eta Basque. Books.-en estrategia eta Etxepare Euskal Institutuak itzulpengintzarako eskaintzen dituen dirulaguntzak aurkeztu zituen. Quebeceko sektoreko ordezkariek ere antzera aurkeztu zuten beren eskualdeko literatura-sektorea. Partehartzaileek etorkizunean bientzat interesgarriak izan daitezkeen lankidetza aukera ezberdinak aztertu zituzten.
Madrilgo Liburu Azokan
Quebeceko literaturaren sektoreko ordezkaritzak gida bat plazaratu du penintsulako hizkuntzetan argitaratu diren eta une honetan stockean dauden quebectarren lanei buruz. Gida honetako testuak euskaraz ere badaude. Aiora Jakak itzuli ditu, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez. Azoka egunetan, hala nahi duten irakurleek penintsulako hizkuntzetara itzulitako literatura quebectarra ezagutzeko aukera izango dute, Quebecek duen standean, azokako pasealeku nagusian.
Bestalde, Madrilgo 2024ko Liburu Azokak euskal ordezkaritza izango du aurten ere. Astiberri (324. standa) eta Consonni (331) euskal argitaletxeak standa izateaz gain, ekitaldian zehar programatutako hainbat jardueratan parte hartuko dute.
Euskal Leihoa "Perpetuum mobile"n (PhotoEspaña)
Quebecekin izandako topaketan parte hartzeaz gain, Otaegik eta Jokin Labayenek, Etxepare Euskal Institutuko kultura teknikaria, PhotoEspaña jaialdian ireki berri den ‘Perpetuum mobile’ erakusketa bisitatu ahal izan zuten. Erakusketak sei euskal argazkilarien lanek osatutako Euskal Leihoa dauka erakusgai, Etxepare Euskal Institutuaren eta jaialdiaren arteko lankidetzari esker, amaitzen du Etxeparek bere oharra.