euskal diaspora eta kultura
2009/03/30
PUBLIZITATEA
Puebla, Mexiko. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Lorea Bilbao Hizkuntza Politikako aholkularia Mexikon izan dira aste honetan, Pueblako Kulturaniztasunaren Astean parte hartzen. Aurtengo edizioan Euskadi izan da herrialde gonbidatua, iazko Txinaren lekukoa harturik. Inaugurazio ekitaldia joan den astelehenean egin zen eta bertan Pueblako Universidad Iberoamericanako agintariek, Baztarrikak, Bilbaok eta Euskadiko ordezkaritzako buru den Iñaki Ruizek parte hartu zuten. Baztarrikak “Hizkuntza aniztasuna munduan, goranzko balorea” mintzaldia eskaini zuen eta eta Kirmen Uribe euskal poetaren errezitaldiarekin bukatu zen ekitaldia.
Pueblako Kulturaniztasunaren Astean zehar euskal ekitaldi asko izan dira ikusgai, hala nola, euskal artisten postalen erakusketa, erakustaldi gastronomikoa eta degustazioa, “Ekoizpen artistikoa Euskadin” hitzaldia, “Euskal Herriko baserriak eta herri musika” argazki erakusketa, Euskal Herriko jantzi tipikoen erakusketa, Kimuak programako laburmetraien zikloa, zinema ("Ama Lur", "Nomadak TX", "Tasio" eta "Aupa Etxebeste"), kale antzerkia eta folk musika emanaldiak.
Lektoregoen arrakasta
Eusko Jaurlaritzak hainbat herrialdetan sustatzen dituen Euskara eta Euskal Kultura Lektoregoek arrakasta handia izan dute Mexikon, izan ere eskaintza zabaldu eta dagoeneko lau dira programa hau eskaintzen duten unibertsitateak: UNAM, Iberoamericana de DF, Tecnológico de Monterrey eta Iberoamericana de Puebla. Eskolak Gurutzne Etxeberria amezketarrak eta Gorka Larrañagak ematen dituzte. Lektorego horien balorazioa egiteko eta hobekuntzak egiten jarraitzeko, Baztarrikak eta Bilbaok astean zehar bilera zenbait egin zituzten aipatu unibertsitateetako arduradun akademikoekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus