euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskadi eta Nafarroako 50 lagunek Australia bisitatu dute, bertako euskal komunitatearekin (ber)elkartzeko

2019/08/06

Euskaldunen taldea Townsvillen, bertako Euskal Etxeko lagunekin
Euskaldunen taldea Townsvillen, bertako Euskal Etxeko lagunekin

PUBLIZITATEA

Bilbo, Bizkaia. Euskal Australiar Alkarteak antolaturik eta euskal diasporari lotutako bidaietan espezialdua den Overtrails bidaia agentzia nafarra koordinatzaile, bi asteko bidaia egin dute Bizkai, Nafarroa eta Gipuzkoako 50 lagunek Australian barrena. Ibilbidean Cairns, Townsville, –eta hortik Ingham eta Ayr-era–, Trebone, Brisbane eta Sidney bisitatu dituzte, Australiako natura eta paisaiak ez ezik euskal jatorriko jendeak herrialdean utzitako ondarea ere ezagutzeko eta euskal-australiar komunitate eta familiekin elkartzeko. Gogora dezagun XX. mendearen lehenengo erdian euskaldun kopuru esanguratsua joan zela ‘Bosgarren kontinentea’ izenarekin ezaguna den herrialde erraldoi horretara.  

Amaia Urbueruaga Euskal Australiar Alkarteko presidentearekin hizketan bisitarien eta australiar jendearen zirrara azpimarratu dio EuskalKultura.eus-i Ingham-en jaio zen baina Bilbon bizi den euskal australiarrak: “beste hainbat txangoren artean, azukre-kanabera lur-sailak ezagutu ditugu –euskal etorkin ugari azukre-kanabera sailean lan egitera joan ziren Australiara–, eta kanaberak lehen nola mozten ziren erakutsi digute eta nola mozten diren orain, eta nola erretzen duten kanabera. Herri bakoitzean bertako euskal gizataldearekin bildu gara… batzuentzat lehen aldia zen bertan, baina beste batzuentzat, Australian jaio eta txiki-txikitan Euskal Herrira bueltatu zirenentzat, aspaldiko lagun eta ahaideekin berriro elkartzeko aukera ederra izan zen”.

Euskal Australiar Alkartearen helburua Euskadi eta Nafarroa Australiako euskal diasporarekin konektatzea da, eta antolatzaileen ustez bai bidaiarienean, bidaia honek ondo baino hobeto bete du. Izan ere, badauka bidaia eta esperientzia errepikatzeko gogoa, posible bada 2021. urtean.

Bidaiariekin, Euskal Australiar Alkarteari lotutako Julian Iantzi eta TV ekipo bat bidaiatu dira, osteraren kronika egin eta euskal-australiar errealitateari buruzko dokumentala egitearren, momentu hunkigarri ugariren lekuko izanik.

Bidaiaren argazki gehiago, hemen.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia