Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzak Euskadi Basque Country Laguna bereizgarriarekin aitortuko ditu Euskadiren irudia atzerrian sustatzen laguntzen duten pertsonak. Aitorpena gaurko Gobernu Bileran onartu da, eta aitorpen hori emateko prozedura ere baimendu da. Erakunde-aitorpena Euskadi Basque Country irudia atzerrian sortzen eta/edo indartzen laguntzeagatik bereizten direnei emango zaie, eta pertsona fisikoak nahiz juridikoak, publikoak nahiz pribatuak izan daitezke, adierazi dute exekutibotik.
Aitorpen berria Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak emango du, eta zirkulu-forma eta urre koloreko hondoa dituen intsignia bat izango da, ikurrinaren logoa izango du hiru altueratan, goi eta behe erliebean, eta erliebe gainekoa zilar kolorekoa izango du. Atzeko aldean «Euskadi Basque Country Laguna» eta bereizgarria ematen den eguneko data jarriko ditu.
Eusko Jaurlaritzaren ustez ezinbestekoa da atzerriko euskal erkidegoarekin eta euskaldun izatearekin nolabaiteko kidetasuna sentitzen duten pertsonekin harremanak eta loturak estutzea, Euskadik nazioartean duen lekua sendotzeko oinarrizko aktiboa diren aldetik. Horren guztiaren helburua da euskal gizarteak partekatzen dituen baloreak, hala nola, ahaleginaren-kultura, konpromisoa, gehiago izateko gaitasuna, emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna edo justizia soziala, Euskadiren irudiarekin lotzea eta Euskadiren aurkezpen-txartela izatea nazioartean, azaldu dute.