euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Euskalbollywood" parodia garaile, Madrilgo euskara ikasleen film laburren lehiaketan

2013/04/10

Epaimahaia eta lehiaketa irabazi zuen taldea (argazkia MadrilEE/HABE)
Epaimahaia eta lehiaketa irabazi zuen taldea (argazkia MadrilEE/HABE)

PUBLIZITATEA

Pozik dira Madrilgo Euskal Etxean iragan astean egin zen film laburren lehiaketarekin, ez bakarrik erantzuna aparta izan delako, bertan aurkeztutako lanek maila bikaina erakutsi dutelako ere baizik. "Oso ondo eginak zeuden denak, eta irabazlea, "Euskalbollywood" delakoa, oso barregarria zen, gainera!", azaldu dio EuskalKultura.com-i elkarteko presidente Julio Elejaldek. Hamar labur aurkeztu ziren orotara, eta Euskara txokoko txikiek ere egin zuten berea, hamaikagarrena.

Madril, Espainia. Arrakasta handia izan du Madrilgo Euskal Etxearen "Euskara Ikasleen 1go Film Laburren lahiaketa"k. Handia eta ezustekoa; izan ere, hasieran Bartzelonako Euskal Etxeak urtero antolatzen duen lehiaketarako filma egitea zen asmoa. Bertan parte hartzeko, Madrileko Euskal Etxeko euskara irakasleek,  labur bat egitera animatu zituzten beren ikasleak. Baina erantzuna hain izan zen ona --11 lan!-- ezen Madrilen bertan leihaketa propioa egitea erabaki zutela.

Apirilaren 4an egin zen lehenengo pasea eta 11 film labur proiektatu ziren Madrilgo Euskal Etxeko Pello Aranburu aretoan. Honako hauek izan ziren aurkeztutako lanak:

- Pintxamus?, 1.go mailako ikasleek egina
- Euskararen koloreak, 3 mailakoek.
- Irauten,  2. mailakoek
- Sin pagatzen, 1 mailakoek
- Maite ditugu, 6 mailakoek
- Euskalbollywood, 4 mailakoek
- Pixka bat gehiago, 5. mailakoek
- Hizkuntza ulertezina, 3. mailakoek
- Klasean, 4. mailakoek
- Hau kaxualitatea, 1. mailakoek
- Txarto edo txarra?, 3. mailakoek.

Euskaltegiko ikasle eta publikoaren artean bost finalistak aukeratu zituzten: "Irauten", "Euskalbollywood", "Hizkuntza ulertezina", "Klasean" eta "Txarto edo txarra". Larunbatean, apirilaren 6an, egin zen irabazlea hautatzeko pasea eta sari banaketa. Epaimahaia Gorka Otxoa eta Ramon Ibarra aktoreek eta Kinku Zinkunegi HABEko teknikariak osatu zuten. Azkenean, "Euskalbollywood" izan zen irabazlea. Saria, talde osoarentzat bazkari edo afaria.

Hauxe da irabazlea:

Ekitaldia amaitzeko, Euskara Txokoko txikiek lehiaketatik kanpo egin zuten laburraren emanaldia egin zen. 

Madril Laburrak Txikiak 2013
[Euskara Txokoko ikasle txikiek ere saria jaso zuten: opari bana (argazkia MadrilEE/HABE)]

Europa mailan datorren urtean

HABEko Euskara Munduan programako iturriek azaldu dutenez, Euskal Etxeetako euskarazko eskoletan berebiziko garrantzia du, hizkuntzarentzat nahiko arrotzak diren testuinguruetan, berau erabiltzeko esparruak eskaintzea. Euskal Etxeetako euskara taldeek hainbat ekintza antolatzen dituzte urtean zehar, batetik, ikasleek hizkuntza erabiltzeko aukera izan dezaten eta, bestetik, euskara ikasgeletatik atera eta ikusgarri egiteko. Ekintza horien artean, arrakasta handia izan du Bartzelonako euskal etxeak azken bederatzi urteetan antolatu duen "euskara ikasleen laburmetraia leihaketak" eta, orain, baita Madrilgoak ere.

Hori dela eta HABEk esperientzia hau beste euskal etxe batzuetara zabaltzeko ahalegina egingo du eta datorren urtean lehiaketa Europa mailan, zenbait herrialdetako euskal etxeetako ikasleen lanekin egitea hausnartzen ari dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia