euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Europar euskal etxeetako euskara irakasleek bilera egingo dute bihar eta etzi Bartzelonan

2012/03/07

Euskara Munduan programaren koordinatzailea, Kinku Zinkunegi (erdian) eta Bartzelonako 2008ko ikastaroan bildu ziren euskara irakasleak (argazkia HABE)
Euskara Munduan programaren koordinatzailea, Kinku Zinkunegi (erdian) eta Bartzelonako 2008ko ikastaroan bildu ziren euskara irakasleak (argazkia HABE)

PUBLIZITATEA

HABEk deiturik, Europako euskal etxeetako euskara irakasleak Bartzelonan bilduko dira bihar, bi eguneko lantegia egiteko. Europa mailako irakasleek horrelako topaketa egiten duten lehen aldia da; izan ere, aurreko bileretan espainiar estatuko irakasleek soilik parte hartu izan dute. Jauzi handia da eta maila oso desberdinetan lanean ari diren kideei elkar ezagutzeko eta elkarrengandik ikasteko aukera emango die: batzuk ikasle gutxi dituzte edo klaseak abiatzen ari dira, eta beste zenbaitek, berriz, eskarmentu handia dute eta ikastaro jendetsuak kudeatzen dituzte. Bilkura honekin batera Bartzelonako Euskal Etxeak euskal etxe europarretako ordezkari gehiago ere bilduko ditu ostegun eta ostiralean, elkar-ezagutze eta koordinazio asmo berarekin.

Bartzelona, Katalunia. Europako euskal etxeetako euskara irakasleentzako trebakuntza ikastaroa egingo du HABEk bihar eta etzi Bartzelonan, Euskara Munduan programaren barruan. EuskalKultura.com-ek  jakin ahal izan duenez, 15 irakaslek baieztatu dute jardunaldietarako partaidetza. Ekimenak erantzun oso ona jaso du eta, besteak beste, honako elkarteetako irakasleak elkartuko dira ostegunean Bartzelonan: Madrilgo Euskal Etxea, Valentziako Euskaltzaleok, Valentziako Centro Vasco Navarro, Londresko London Basque Society, Berlingo Euskal Etxea, Pariseko Euskal Etxea eta, jakina, Bartzelonako Euskal Etxea. 

HABEk euskal etxeetarako irakasleentzat trebakuntza planak adosten ditu urtero, Euskara Munduan programaren baitan, euskal etxeekin eta federazioekin, eta horren barruan kokatzen da Bartzelonako ikastaroa. Aurreko urteetan ere egin izan dira horrelakoak: orain urte batzuk Madrilgo eta Bartzelonako euskal etxeetako irakasleak hasi ziren elkartzen, eta ondoren Mallorcako eta Valentziakoak ere bildu ziren topaketa hauetara. Aurten gonbitea Europa osora zabaldu du HABEk.

600 ikasle baino gehiago

Jardunaldietan parte hartuko duten 15 irakasleek 600 ikasle baino gehiago dituzte, baina esan beharra dago euskal etxe batetik bestera desberdintasun asko daudela. Hori kontutan izan dute antolatzaileek eta, oso eskarmentu desberdinetako irakasle eta euskal etxeak elkartzen direnez, lehenengo saioan, esperientzia trukea egingo dute. "Asko daukate elkarri eskaintzeko eta, batez ere, eskarmentu handiko zentruek txikiei beren jardueraren berri azalduko diete", agertu du HABEko teknikari Kinku Zinkunegik.

Bigarren saioan, gai desberdinak jorratuko dira, tartean hiztegia nola landu, eduki kulturalak nola txertatu ikas-saioetan, nola kudeatu talde berean adin eta helburu desberdinak dituzten ikasleak, HABEren egiaztatze-frogak (eskalak) eta internet-en baliabide osagarriak (Ikasbil berria).

Euskara irakasleak ezezik ostegun-ostiraleko saio hauek euskal etxe europarretako ordezkari gehiago bilduko dituzte Bartzelonako Euskal Etxera, euren asmoa kontinenteko euskal etxeetako kideek elkar hobeto ezagutu eta elkarren berri eta eskarmentu hobea izan dezaten bultzatzea izanik, euskal etxe katalana anfitrioi.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia