euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Europako euskara irakasleek informazioa trukatzeko komunikazio sarea osatzea proposatu dute

2012/03/16

Bartzelona, Madril, Valentzia, Paris eta Berlingo Euskara irakasleak, HABEko ordezkariekin (argazkia HABE)
Bartzelona, Madril, Valentzia, Paris eta Berlingo Euskara irakasleak, HABEko ordezkariekin (argazkia HABE)

PUBLIZITATEA

Erantzun ona izan zuen iragan martxoaren 8 eta 9an Bartzelonako Euskal Etxean egin zen europar euskal elkarteetako euskara irakasleen lan topaketak, eta partehartzaileak pozik agertu dira emaitzarekin. Madril, Bartzelona, Valentzia, Paris eta Berlingo irakasleak izan ziren bertan, HABEko ordezkariekin batera. Jardunaldiotan, esperientziak trukatzeaz gain, irakasleek eurek proposaturiko zenbait gaietan sakondu zuten. Bestalde, urteroko bilerak urrira aurreratzea proposatu zuten, ikasturtearen hasierarekin batera egin eta ikasitakoa urtean zehar landu ahal izateko. Pariseko euskal etxeak bere egoitza eskaini zuen hurrengo ikasturteko bilera hori egiteko. Horrez gain, partehartzaileek harremana mantentzeko komunikazio sare iraunkorra sortzea proposatu zuten.

Bartzelona, Katalunia. Bartzelonako Euskal Etxean iragan astean egin zen Europako euskara irakasleen bilerak emaitza ona izan zuen eta, lan praktiko asko egiteaz gain, etorkizunean harremana sakontzeko eta komunikazio sare bat osatzeko oinarriak jarri ziren bertan. Hamabost bat partehartzaile izan ziren bileran; izan ere, Madril, Bartzelona, Valentzia, Paris eta Berlingo euskal etxeetako irakasleei batu egin zitzaizkien azken unean Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko eta Hizkuntz Eskola Ofizialeko irakasleak ere. HABEren ordezkaria Euskara Munduan programako koordinatzaile Kinku Zinkunegi izan zen eta bigarren egunean Iñaki Uribe HABEren zuzendaria batu zitzaien.

Bi eguneko topaketak bi arlo izan zituen. Batean, irakasleek esperientzia trukaketa egin zuten eta eskarmentu handiko euskal etxeetakoek --adibidez, Madril, Bartzelona eta Pariseko euskal etxeetako ordezkariek-- euren lanaren berri eman zieten elkarte berri edo txikiagokoei. Elkarte berri horien artean aipagarria da Valentziako Euskaltzaleok elkartearen kasua; izan ere, elkarte nahiko berria izanagatik, 30 euskara ikasle ditu jada. "Euskaltzaleok-etik lau irakasle etorri ziren, eta horietako hiru euskal etxean bertan euskara ikasitakoak direla azpimarratu behar da", adierazi dio EuskalKultura.com-i Kinku Zinkunegik. 

Bilera monografikoak

Bileraren bigarren partean irakasleek proposaturiko gai praktikoak jorratu ziren, adibidez hiztegia nola aberastu, klaseetarako informazio osagarria eskuratzeko medioak... Hala ere, partehartzaileen iritziz, bileran ez zen arlo hauek guztiak sakonean jorratzeko astirik izan, eta datozen topaketetarako arlo bakoitza era monografikoan lantzea proposatu zen.

Ildo beretik, bilerak martxoan egin ordez urrira aurreratzea proposatu zuten partehartzeileek, horrela ikasturtea hasten duten irakasle berrientzako lagungarrriago izan daitezen. Pariseko Eskual Etxeak bere egoitza eskaini zuen hurrengo bilera egiteko, aurtengo urriaren 19tik 21era.

Azkenik, irakasleek euren arteko harremana urte osoan zehar mantentzeko bideak sustatzea ere eskatu zuten, eta HABEko arduradunek komunikazio sare hau osatzeko ardura bere gain hartu zuten.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia