euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Europako euskara irakasleek film labur lehiaketak sustatzea erabaki dute urteroko bileran, Mallorcan

2013/10/24

Europako euskal etxeetako irakasleak Mallorcako Artea Euskal Etxearen egoitzan (argazkia HABE)
Europako euskal etxeetako irakasleak Mallorcako Artea Euskal Etxearen egoitzan (argazkia HABE)

PUBLIZITATEA

Mallorcako Artea Euskal Etxea izan da aurtengo Europar Euskal Etxeetako Euskara Irakasleen Bilkuraren egoitza, urriaren 17tik 20ra. Topaketara honako elkarteetako irakasleak bildu ziren: Madril, Bartzelona, Valentzia, Mallorka, Brusela, Londres, Bordele, Paris, Erroma eta Berlin. Ezin izan zuten parte hartu, arrazoi desberdinengatik, Valladolid, Murtzia eta Paueko ordezkariek. Bileran aurtengo ikasturteari begira hainbat gai landu ziren eta, ikasleen parte hartzea dinamizatzeko proposamen berritzaile bat sustatzea erabaki zen: euskarazko film labur lehiaketak egitea. Bartzelonako eta Madrilgo euskal etxeetan arrakasta itzela du egitasmoak eta aurten beste elkarteetara ere zabaltzen ahaleginduko dira.

Mallorca, Espainia. HABEk Euskara Munduan programaren baitan Europako Euskal Etxeetako euskara irakasle-topaketa eratu zuen iragan 17tik 20ra, Mallorcako Artea Euskal Etxearekin elkarlanean, 2013/2014 ikasturteari aurre egiteko.

Topaketa honetan profil oso desberdinetako irakasleak, eta tamaina zein izaera desberdinetako euskal etxeak bildu ohi dira, eta antolatzaileen esanetan oso aberasgarria da hori partehartzaileentzat.

"Batzuk adituak dira eskolak ematen; beste batzuk, aldiz, aurten izango dute lehenengo eskarmentua. Batzuk euskal etxe handietatik datoz, ikasle kopuru altua duten elkarteetai, eta beste zenbait, berriz, txikietatik", azaldu dio Euskalkultura.com--i HABEko teknikari Kinku Zinkunegik. "Irakasle berriei babesa ematen diegu eta erronkari aurre egiteko gutxieneko irizpide, material eta abar emateaz gain, oso lagungarri gertatzen zaie beste euskal etxeetan egiten denaren berri jasotzea".

Aurten, ikasleak zinemagile!

Aurtengoan helburu bikoitza izan du bilerak. Batetik, irakasleen esku jartzea gutxieneko baliabideak eta, bestetik, aurretik beraiekin adostutako hainbat gai jorratzea, normalean eskoletan izaten dituzten arazo/zalantzak argitu nahian. Esaterako, aurtengoan, proposaturiko gai nagusiak honako hauek izan dira:

-Nola kudeatu maila desberdina duten ikasleak talde berean.
-Nola eman ikasitako eduki formaletatik mintzamenerako jauzia.

Hain zuzen ere, bigarren gai horri erantzuna emateko, bileran erabaki da euskarazko eskoletan laburmetraiak egitea, klaseak dinamizatzeko. Horretarako, bileran laburmetrai bat egiteko prozedura landu da, alde didaktikoa zein teknikoa jorratuz.

Proposamen honen oinarrian dago Bartzelonako Euskal Etxeak urtero antolatzen duen laburmetrai lehiaketaren arrakasta, eta iaz Madrileko Euskal Etxeak lehen aldiz egin zuenak izan zuen harrera bikaina. Halatan, euskara ikasleek egindako laburmetrai lehiaketak Europako euskal etxe guztietara zabaltzea da ikasturte honetako erronketako bat.

Euskara eskolak dinamizatzeko ekintza oso aproposa dela adierazi dute irakasleek, prestaketa fasean ematen diren urratsak didaktizatzen direlako eta klaseko langai bihurtu. Bestalde, lehiaketak ikasleak motibatu egiten ditu eta sorkuntza prozesua zein grabazioa dibertigarriak izan ohi dira. 

Arteari esker ona

Amaitzeko, bileraren antolatzaileek eta partehartzaileek esker ona adierazi nahi diote Artea Euskal Etxeari, topaketarako elkartearen egoitza uzteagatik.

"Azpimarratu nahi dugu bertako arduradunek izan duten jarrera eta eskuzabaltasuna. Egoitza erabat irakasleon esku utzi dute, han egon garen egunetan eman diguten laguntza ezin hobea izan da eta topaketari bukaera emateko, urriaren 20an, guztientzako txango bat antolatu zuten. Eskerrik asko,  bene-benetan, Artea Euskal Etxeko arduradunei", esan du Zinkunegik.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia