Madril Europako euskal etxeen topagune izango da asteburu honetan, bertan egingo baita euskal etxeetako euskara irakasleen urteroko bilkura. Aurreko edizioetan bezala, hogei bat irakasle bilduko dira ostiral eta larunbatean egingo diren bilera eta jardueratara. Bilera honen helburua zera da, ikasturte hasiera honetan esperientziak trukatzea, HABErekin eta beste irakasleekin irakaskuntza arloko zalantzak argitzea eta proiektu berriak lantzea.
Madril, Espainia. Europako euskal etxeek hitzordua dute ostiralean eta larunbatean Madrilen, bertan egingo baita HABEk urteroko antolatzen duen irakasleen bilkura. Topaketa Madrilgo Euskal Etxean egingo da eta bertara bilduko dira, besteak beste, Bartzelona, Valentzia, Mallorca, Valladolid, Bordele, Paris, Erroma, Londres, Berlin, Brusela eta Madrilgo bertako irakasleak.
HABEk sustatzen duen Euskara Munduan programak antolatu du bilera, euskal etxeetan ematen diren euskera ikastaroen jarraipen eta hobekuntza prozesuaren barruan. Iaz topaketa Valentzian egin zen, eta aurreko urtean Berlinen.
Irakaslego anitza
Europako euskal etxeen euskara ikastaroen kasuan, ezaugarri nagusienetako bat irakaslegoa oso anitza dela da, azaldu dio EuskalKultura.com-i Kinku Zinkunegik, Euskara Munduan programako koordinatzaileak. Irakasle batzuk urtean daramatzate jardun honetan eta eskarmentu handikoak dira, beste batzuk aldiz berriak. Hainbat euskal etxetan irakasleak ia urtetik urtera aldatzen dira, gehienetan hiri horretan ikasketak egiten edo aldi baterako lanean dauden gazteak direlako.
Bilera ikasturte hasieran egiten da beti, irakasleek hala eskatuta, horrela irakasle berriei urteko lana prestatzen eta hobetzen laguntzeko. Bileran, HABEk irakasleei klaseak emateko metodologian sakontzen laguntzen die eta hainbat tresna eta baliabide eskaini. Horrez gain, irakasleek esperientziak trukatzen dituzte: eskarmentu gehien dutenek jarduera baliagarri eta arrakastatsuenak partekatzen dituzte, horrele besteei euren euskal etxeetan gauzak antolatzeko ideiak emanez.