euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Europako euskal etxeetako euskara irakasleek bilera egin zuten Berlinen, ikasturte berriaren atarian

2014/11/18

Europako euskal etxeetako euskara irakasleak eta HABEko teknikariak Berlinen egin zen bileran (argazkia HABE)
Europako euskal etxeetako euskara irakasleak eta HABEko teknikariak Berlinen egin zen bileran (argazkia HABE)

PUBLIZITATEA

HABEren Euskara Munduan programak antolatuta, Europako euskal etxeetako euskara irakasleek bilkura egin zuten urriaren 17 eta 18an Berlinen. Hirugarren bilkura izan zen hau eta, aurrekoetan bezala, irakasleek oso gustura hartu zuten batu eta esperientziak eta ideiak trukatzeko aukera. Berlingo Gernika Kulturunf. Euskal Etxeak ostatatu zuen eta bertara Europako euskal etxe gehienetako irakasleak hurbildu ziren; Madril, Bartzelona, Valentzia, Mallorka, Valladolid, Bordele, Paris, Erroma, Londres, Brusela eta Berlinekoak, hain zuzen ere. Guztira 22 irakasle aritu ziren lanean.

Berlin, Alemania. Europako Irakasleen 3. Topaketarekin pozik agertu dira bertara bildutako irakasleak zein Euskara Munduan programako teknikariak. Bileraren helburua, haien esanetan, batak bestearen berri izatea eta egindakoa, besteentzat baliagarria bada, partekatzea zen.

Kontuan izan behar da, irakasleei dagokienez, tipologia oso ugaria dela. "Batzuetan profesionaltasun maila altua dute, horixe baitute lanbide. Beste batzuetan, aldiz, urtero aldatzen dute irakaslea, joan-etorrikoak direlako. Hori bai, denek euskara maila altua dute, orokorrean EGAdunak dira. Beraz, eskarmentu handikoak zein eskarmentu gutxikoak elkartzen dira eta elkarri ematen dioten laguntzak balio izugarria du", azaldu dio EuskalKultura.com-i HABEko teknikari Kinku Zinkunegik.

Euskaltegien antzera

Europako Euskal Etxeetan euskararen irakaskuntza da jarduerarik sendoenetakoa. Esaterako, 2013/14 ikasturtean, 726 ikasle aritu ziren euskara ikasten, guztira 8.427 talde ordu eman zituztelarik. Kasu batzuetan, euskal etxe horiek Euskal Herriko euskaltegien oso antzeko funtzionamendua dute: Ikasle kopuru altuak dituzte, nahiko talde homogeneoak eta euskalduntze prozesua hemengoen antzera bideratzen dute. Horien artean dira, adibidez, Madril, Bartzelona, Bordele, Paris… Beste batzuk, ikasle kopuru txikiagoekin, ezin dituzte hain talde homogeneoak sortu eta maila desberdinetako jendea batzen dute talde berean, horren duen zailtasun erantsiarekin.

Horietan guztietan ari diren irakasleen esperientzia baliatu eta elkar aberasteko asmoakin, bilerak hiru bloke izan zituen. Hasteko, bakoitzak bere euskal etxean, euskararen ikas/irakaskuntza eta erabileraren inguruan egiten denaren berri eman zuen. Honek ideiak eta energia partekatzeko aukera eman zuen. Ondoren, irakasleek aurretik guztion artean adostutako gai bat jorratu zuten; aurten, mintzamenaren lanketa.

Amaitzeko, bileraren azken partean hasi berri den ikasturterako proposamen bateratuak egin ziren eta horien kudeaketa nola egin aztertu zuten irakasleek. Azken atal honetan jorratu ziren gaien artean izan ziren laburmetrai eta literatura lehiaketak, Euskararen Eguna, Etengabeko Irakurketa, E.N.E. saria eta on-line eskaintza eraginkorra nola egin.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia