euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Europako euskal etxeek bilera egingo dute bihar Pariseko Eskual Etxean ekimen amankomunak bultzatzeko

2007/11/30

Pariseko Eskual Etxeko kanpokaldeko argiztapena
Pariseko Eskual Etxeko kanpokaldeko argiztapena

PUBLIZITATEA

Europako euskal etxeek Parisen egingo dute bihar euren orain arteko lehen bilera. Topaketaren asmoa esperientziak trukatu eta elkarren babesarekin ekimen amankomunak bultzatzeko medioak jartzea da. Ideia Pariseko Eskual Etxetik sortu zen eta joan den uztaileko Mundu Biltzarrean Europako beste euskal etxeei gonbitea luzatu zieten. Lehenengo bilera honetan Paue, Montpellier, Bordele, Parise, Madril, Bartzelona, Valentzia, Murtzia, Erroma, Zurich eta Londreseko euskal etxeetako ordezkariek hartuko dute parte.
Pariseko Eskual Etxea izango da bihar Europako euskal elkarteen lehen bileraren egoitza. Topaketak 'Euskaldunak Europan' izenburua jaso du eta helburu argi batekin deitu dute: elkarte hauen arteko harremana sakondu eta ekimen amankomunak bultzatzeko bideak bilatzea. 'Gure asmoa elkarte desberdinen indarrak batu eta ekimen koordinatuak antolatu ahal izatea da. Adibidez euskal musikari eta artisten birak Europan zehar', azaldu dio EuskalKultura.com-i Jean Paul Fabasek, Pariseko Maison Basque-ko lehendakariordeak. 'Aspalditik abian jarri nahi genuen ekimena da eta uztaileko Mundu Biltzarra baliatuz gonbidapena egin genien gainerako euskal etxeetako ordezkariei'.

Proposamenak harrera oso ona izan zuen eta bihar 40 bat lagun espero dira Pariseko euskal elkartean. Ordezkaritzak Europako bazter gehienetatik datoz: Paue, Montepellier, Bordele, Madril, Bartzelona, Valentzia, Murtzia, Erroma, Zurich eta Londreseko euskal etxeak iragarri dute presentzia. 'Aurrerantzean bilera hau gutxienez urtean behin egitea espero dugu', gaineratu du Jean Paul Fabasek.

Bilera irekia eta lantegiak

Topaketa goizeko hamarretan hasiko da, ekimenaren asmoa azaltzeko erabiliko den bilera ireki batekin. 'Lehendabiziko topaketa honen asmoa elkar ezagutzea da, gehienbat, eta euskal etxe bakoitzaren esperientzia aurkeztu eta konpartitzea', azaltzen du Fabasek. Arratsaldean hiru lantegi egingo dituzte, eta edonork parte hartu ahal izango du, izena aldez aurretik emanez. Lehen lantegian euskararen irakaskuntzari buruzko eztabaida egingo dute eta euskal etxeetako partaideek euren eredua eta antolakuntza azalduko dituzte.

Bigarren lantegiak ekimen kulturalak izango ditu ardatz nagusi: dantza, kantua, pilota, musika eta musa tartean. Irakasleen trebakuntza prozesua aztertuko dute eta Euskal Herriko kultur eragileekin trukeak antolatzeko aukerak aztertuko dituzte. Interes handiena sortu duen gaietako bat Europako euskal etxeetan euskal musikari eta artisten birak antolatzearena izan da. Azkenik, hirugarren lantegia euskal etxeen administrazio eta antolakuntzari buruzkoa izango da.

Nafarroaren Eguna

Topaketari bukaera emateko, bilera irekia egingo dute euskal etxeetako ordezkariek eta bertan ekimenaren ondorioak aterako dituzte. Topaketari bukaera eman ostean ordezkariek Nafarroaren Eguna dela eta Eskual Etxean egingo den jaian parte hartzeko gonbitea jasoko dute. Urtero legez Pariseko Eskual Etxea edo Maison des Basques elkarteak San Frantzisko Xabier eta Euskararen Eguna ospatuko ditu, Nafarroatik bertatik etorritako hainbat jendez, afari, musika eta hainbat ekimenekin.


Lotura interesgarriak

Pariseko Eskual Etxea
www.eskualetxea.com

Sustraiak taldea, 28 urte euskara sustatzen Parisen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 7an

Euskal Gizataldeen IV. Mundu Biltzarra
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 10ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia