euskal diaspora eta kultura
2011/04/15
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Azken txanpan sartu da Korrika eta Donostiarako helmugara bidean Europako bost euskal etxetako kideak izango ditu lagun Kontxan. Duela bi urte Korrika 16-ean egin bezala, Bartzelona, Erroma, Londres, Paue eta Suitzako euskal etxeek bat egin eta 2.448 kilometroa erosi dute. Ordaindutako diruarekin AEKko euskaltegiek euskara irakaskuntzan egiten duten ahalegina lagunduko dute Diasporako euskaldunek, eta euren zango eta sasoiarekin lasterketa helmugara hurbilduko dute. "Euskal Herri osotik igaro ondoren lekukoa jaso eta Donostiako erdigunean sartuko dugu, harrotasunez, ohorez eta pozez beterik!", diote Bartzelonako euskal etxetik Donostiara etorriko diren kideek.
Eurekin bat egin nahi duenak Kontxako hondartza parean egon beharko du, goizeko 9:17tan. Erromako Associazione Culturale Euskara euskal etxeak Google Maps-en jarri du lekua zehatz eta mehatz, elkarte bakoitzak bidearen zein zati egingo duen azalduz ere.
Munduan zehar ere ika, ika, ika...
Donostiako Diasporako euskalakariez gain, munduko euskal etxeek Korrika jaiak egiten jarraituko dute asteburuan zehar. Batzuek eurena egin dute jada, Mexikoko euskaldunek bezala: UNAM Unibertsitatetik atera zen euskal mexikarren Korrika atzo bertan. Buenos Airesen Euskaltzaleak euskaltegiak gaur bertan egingo du lasterketaren bertsio 'porteñoa': parte hartu nahi duenak elkartearen egoitza berriaren aurrean (Independencia 1722) du hitzordua, arratsaldeko 20:00tan. Gorka Berasategik Mus eskolak eskainiko ditu, kantu, bertso, pintxo eta bestelakoekin batera.
Bihar larunbata San Frantziskora, AEBetara, helduko da lasterketa. Golden Gate Park-eko Spedway Meadow-etik aterako dira inguruetako euskaldunak korrika, goizeko 10:00etan. Ondoren, bazkaria egingo dute eta haurrentzako jolasak izango dira bazkalostean. New Yorken ere larunbatean antolatu du Korrika jaia Euzko Etxeak. Ibilbidea Brooklyn auzoan zehar izango da.
Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxeak ekarriko du Korrika Uruguaira, bihar bertan. Goizeko 11:00etan izango da batzea Independencia Plazan, bertatik Cagancha Plazara abiatzeko. Ostean, bazkaria izango da Euskal Etxean.
Boisen azkena
Londresen etzi, igandean, egingo dute Korrika jai handia. London Basque Society elkarteak hilean zehar hainbat kultur ekitaldi egin ditu Korrika 17 dela eta, baina igandeko festarekin itxiko dute aurtengo edizioa. Hitzordua eguerdiko 12:00etan Weaver's Fields parkean dute Londresko euskaldunek eta korrikaldi sinbolikoa burutuko dute. Ondoren bazkaria egingo dute Euskal Etxean.
Diasporan Korrika ospatuko duten azkenak, eta lasterketari agur esango diotenak, Boiseko euskaldunak izango dira, AEBetako Idaho estatuan. Korrika 17 hilaren 30ean helduko da bertara. Goizeko 9:00etan euskal etxearen parean bilduko dira korrikalariak eta 12:30tan hasiko da korrikaldia. Ondoren hamaiketakoa egingo dute. Informazio gehiago, NABOko euskara koordinatzaile den Izaskun Kortazarrek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus