euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

SBSA euskal elkarte estatubatuarrak saria eman dio FEVAri Buenos Airesen, euskal eta argentinar agintariak lekuko

2011/04/12

Julian Celaya, Elvira Cortajarena, Jon Kepa Erkiaga, Carlos Sosa, Mariluz Artetxe, Rafael Follonier, Ricardo Basterra, José Barbier, Felipe Eiheragibel eta Mark Doyaga (argazkia EuskalKultura.com)
Julian Celaya, Elvira Cortajarena, Jon Kepa Erkiaga, Carlos Sosa, Mariluz Artetxe, Rafael Follonier, Ricardo Basterra, José Barbier, Felipe Eiheragibel eta Mark Doyaga (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Joan den larunbatean eta Buenos Airesko Laurak Bat-en egoitzan jaso zuen FEVAk New Yorken egoitza duen SBSA erakunde euskal estatubatuarrak ematen duen “Basque Hall of fame” saria. Saria emateko AEBetatik propio etorritako Mark Doyagak eskuratu dio golardoa Ricardo Basterra FEVAko lehendakariari. Bertan ziren, Jaurlaritzaren izenean, Julian Celaya Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendaria, Elvira Kortajarena Argentinako ordezkaria eta Andoni Martin teknikaria; baita Argentinako Rafael Follonier eta Jose Barbier mandatariak. Mariluz Arteche, Felipe Eiheragibel, Jon Kepa Erkiaga eta Carlos Sosa FEVAko lehendakari ohiek eta euskal etxeetako hainbat kideek ere hartu zuten parte ekitaldian.

Buenos Aires, Argentina. 1979an jaio zen SBSA edo Ameriketako Euskal Ikasketen Elkarteak urtero gailentzen ditu Euskal Herriaren, euskal kulturaren edota euskaldunen alde lan egiten duten pertsona eta erakundeak. Helburu hori betetzen, Estatu Batuetan Boiseko “Basque Museum”-i; Mexikoko “Colegio de las Vizcainas”-i; eta Mario de Salegi gudari, idazle eta euskaltzaleari eman zaie aurretik saria, hartzaileetako gutxi batzuk aipatzearren.

“Bere jarduera gailentze aldera eta Euskal Herritik kanpoko erakunderik sendoenaren lana nabarmentzeko asmotan”, joan den urtean Gloria Totoricaguenak FEVAren izena proposatu zuen SBSAren 'Hall of Fame' honetan sartu eta ohore hori jasotzeko. Proposamena onartuta, emate-ekitaldia apirilaren 9an, pasa den larunbatean, gauzatu zen Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxean.

Ameriketako Euskal Ikasketen Elkarteak FEVAri egindako omenaldia 2011 01

[Euskadiko ordezkariek, FEVAko kideek eta euskal etxeetako lagunek hartu zuten parte omenaldian (argazkia EuskalKultura.com)]

FEVAren urteroko batzarraren ondoren egin zen ekitaldia. Ekitaldiarekin hasteko, ongi etorria eman zitzaien Ameriketako Euskal Ikasketen Elkartearen ordezkariari, Euskadiko eta Argentinako agintariei, FEVAko lehendakari ohiei eta Laurak Bat-era bertaratu ziren lagun guztiei. Ondoren, Mark Doyagak elkarte estatubatuarrak FEVAri zuzendutako hitz batzuk irakurri eta Ricardo Basterrari eman zion ohorezko plaka.

“FEVAk jaso duen sari hau federazioa eraikin zuten kide guztientzat da; hori dela eta lehendakari ohiei ere luzatu nahi diegu”, adierazi zuten federazioaren arduradunek. Zeremonian egon ez ziren FEVAko lehendakari ohien agurrak irakurri ziren.

Ameriketako Euskal Ikasketen Elkarteak FEVAri egindako omenaldia 2011 02

[Accion Vasca-ko dantzariek izan zuten Aurreskua interpretatzeko ohorea (argazkia EuskalKultura.com)]

Bukatzeko Accion Vasca Taldeko dantzariek Aurreskua eskaini zieten omenaldian parte hartu zuten lagun guztiei eta Lagun Onak Abesbatzak hiru abesti interpretatu zituen: “Txoria txori”, “Euskotarrak” eta “Agur Jaunak”.

FEVAren urteroko batzarra

FEVAren batzarra sari-emate zeremonia honen aurretik egin zen. Batzarrari dagokionez, eta eguneko zerrendari jarraituz, aurreko urteko txostena eta balantzeak onartu zituzten. Ondoren, euskal etxeek FEVAri ordaintzen dioten kuotaren prezioa igotzea erabaki zen bileran. “Igotzearen helburua, urtean egingo diren dantza eta zuzendariak trebatzeko tailerrak sustatzea da”, azaldu dute FEVAtik. Segidan, federazioko kargu batzuk berritu ziren. Hona hemen, kargu horiek berrituta, batzorde berria:

- Lehendakaria: Ricardo Mario Basterra (Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxea)
- Lehendakari ordea I: Juan J. Olasagastia (Coronel Pringles-eko Eusko Biltzar)
- Lehendakari ordea II: M. Aranzazu Anitua (Buenos Aireseko Laurak Bat)

- Idazkaria: Marta Abarrategui (Arrecifes-eko Euskaldunak Denak Bat)

- Diruzaina: Hugo Andiazabal (Juningo Arbola bat)

- Batzordekide titularra: Gerardo B. Echeverria (Villa Maria-ko Euzko Etxea) 
- Batzordekide ordezkoa: Ismael M. de Alegría (Villa Maria-ko Euzko Etxea)

- Batzordekide titularra: Asier Iriberri Plazaola (Mar del Plata-ko Denak Bat)
- Batzordekide ordezkoa: Francisco J. Valencia (Mar del Plata-ko Denak Bat)

- Batzordekide titularra: Damián N. Cebey (San Nicolas-eko Euskal Etxea)
- Batzordekide ordezkoa: Juan M. Hormazabal (San Nicolas-eko Euskal Etxea)

- Batzordekide titularra: Esteban Kain (Tandilgo Gure Etxea)
- Batzordekide ordezkoa: José María Etchegoin (Tandilgo Gure Etxea)

- Batzordekide titularra: Javier Ederra (Bahia Blanca-ko Union Vasca)
- Batzordekide ordezkoa: Mikel Irazusta (Bahia Blanca-ko Union Vasca)

- Batzordekide titularra: María Á. Oñederra (Jose C. Paz-eko Toki Eder)
- Batzordekide ordezkoa: José Erostarbe Aramburu (Jose C. Paz-eko Toki Eder)

- Batzordekide titularra: Liliana R. Rouan (Villa Mercedes-eko Euskal Etxea)
- Batzordekide ordezkoa: Julio V. Esnaola (Villa Mercedes-eko Euskal Etxea)

- Batzordekide titularra: M. Inés Ostolaza (Lomas de Zamora-ko Denak Bat)
- Batzordekide ordezkoa: Begoña Lentini Ordoqui (Lomas de Zamora-ko Denak Bat)

- Batzorde Kontu-hartzaileak: Javier Clúa (La Platako Euzko Etxea), Fernando Lizarbe (Rosarioko Zazpirak Bat); Mónica Mercedes Azpiazu (Laprida-ko Lagunen Etxea)

- Ohore-mahaikide titularrak: Xabier Olaizola (Buenos Aires-eko Laurak Bat), Isidro Legarreta (Tandil-go Gure Etxea), Carlos Sosa (Bahia Blanca-ko Union Vasca)
- Ohore-mahaikide ordezkoak: Maria Luz Artetxe (Arrecifes-eko Euskaldunak Denak Bat), Juan Gaillour (Mar del Plata- Denak Bat); Felipe Eiheragibel (Rosario-ko Zazpirak Bat)

Lotura interesgarriak

Society of Basque Studies in America elkartearen web orria
http://societyofbasquestudiesinamerica.com/basquews/halloffame.htm



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia