euskal diaspora eta kultura
2014/04/01
PUBLIZITATEA
Bartzelona, Katalunia. Asteburu lanpetua izan zuten joan denekoa Bartzelonako Euskal Etxeko lagunek. Lana hartu zuten eta aitor-tu behar zaie emaitzen arabera eta egun horietan gonbidatu izan ziren Europa eta Asia-Australiako euskal etxeen eta Espainiar Estatukoen esanetan anfitrioi bikainak izan zirela. Gogoratu behar da, Bartzelonako astebururako egitarauak bilera ezohiko bat, Europa eta Asia-Australiako euskal etxeen kongresuarteko eskualde-bilera markatzen zuela ostiral iluntze eta larunbaterako; eta iganderako, berriz, urtero estatuko leku diferente batean egiten den Espainiar Estatuko euskal etxeen federazioaren ohiko bilera.
[Asteburuko ekitaldiak ostiral arratsaldean hasi ziren, Bartzelonako Udalak euskal etxeen jardunaldietan parte hartu behar zuten ordezkari eta partaideei egin zien harrera ekitaldiarekin. Euskal erakundeen ordezkari, Marian Elorza, Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Asier Vallejo, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria. Bartzelonako Udalaren partetik harreragile, Jordi Martí Galviz Lehendakaritza zinegotzia eta Montserrat Martí Erakunde-Harremanetarako zuzendaria. Irudian, esker-eskuin, Jordi Martí, Asier Vallejo, Marian Elorza eta Montserrat Martí]
[Cava kopa batekin topa egin ondoren, euskaldunei eta katalanei euren asmo eta etorkizun planetan zortea opatuz, historiaz beterik dagoen Udaletxearen eraikina eta bere areto nagusiak erakutsi zizkieten bisitariei bi udal ordezkariek, historialari baten gida-lana lagun]
[Kultur ekitaldiek, eta kasu honetan musikak, izan zuen bere lekua jardunaldi aurreko egunean, Bartzelonako Euskal Etxearen programazioak Napoka Iria talde euskaldunaren emanaldia aurreikusten baitzuen gau hartarako. Bertara bildu ziren euskal etxeetako ordezkariak eta ondoren afaria izan zuten ondoko Sagardi sagardotegi/jatetxean]
[Larunbatean, jardunaldiak Born-eko Komentua izandakoan izan ziren, gaur egun bilera eta kultur ekitaldietarako ongi prestatu eta hornitutako kulturetxea. Azpimarratzekoa, naturaltasunez ekin zitzaiola hizkuntzen aferari. Partaide gehientsuenak euskaradunak ziren eta baziren baita ere frantsesa eta gaztelaniarekin mintzatzen zirenak. Interpretaritza sistema bat antolatu zen (argazkiaren fondoan ikus daitezke kabinak) eta bakoitzak nahi izan zuen hizkuntzan hitz egin ahal izan zuen, itzulpena beste bi hizkuntzetara baitzeukan. Hitza hartu zuten gehienek euskaraz egin zuten eta gutxi batzuk frantsesez edo gaztelaniaz]
[Eusko Jaurlaritzako ordezkari bertan, Marian Elorza eta Asier Vallejo. Bilera Gobernuak deitua zen, baina gaiak euskal etxeekin adostuta ezarri ziren. Izan ere, euskal etxeek eskatuta onartu zuen Euskal Gizataldeentzako Aholku Batzordeak, Lehendakaria buru, lau urtean behin egiten den Mundu-Batzarraren artean, bi urtero alegia, eskualde-bilerak egitea, mundua hiru eskualdetan banatuta. Aurretik Ipar Ameriketan, Nevadako Elkon; eta Hego Ameriketan, Argentinako Villa Marian, eginiko bileren ostean, Europa eta Asiako euskal etxeena geratzen zen, asteburuan Bartzelonan egindako hau. Irudian, Marian Elorza, atzean Asier Vallejo duela]
[Bilerara bildutakoen artean, bazeuden leku, historia, adin eta ezaugarri desberdineko euskal etxeak. Irudian, Ainhoa Añorga, Berlingo 'Gernika' Euskal Etxeko lehendakaria, eta Jagoba Landa, Australiako Sydneyko Gure Txoko euskal etxeko ordezkaria]
[Elkarrekin nola hobe koordinatu, belaunaldien arteko segida eta gazteen partaidetza euskal etxe barneko kudeaketan, euskararen sustapena eta euskal etxeak kokatzen diren herri eta herrialdeetan bertakoak nola erakarri euskaldunen lagunen sarea osatzeko eta Euskal Herriaren ezagutza sustatzeko izan ziren mintzagaietako batzuk. Irudian, Sebastien Aguerre, Pariseko Eskual Etxeko lehendakaria eta, mikroa eskuetan, Bruno Luro, Bordeleko Euskal Etxeko lehendakariordea]
[Partaidetza bizkorra izan zuen bilerak. Ordezkarien artean, buruzagi sartu berriak ere izan ziren, erakundea beteranoetakoa izan arren, hala nola irudian mikroa eskuetan agertzen den Valentziako Euskal Etxeko Maria Luisa Garay, Valentzia hiriburuko euskal elkarteak aurten bertan lehendakari hautatua]
[Bruselako Euskal Etxeko lehendakari Ana Etxaburu (hizketan) ezker-eskuin Mallorca, Paue, Erroma, Zaragoza eta Australiako Townsvilleko ordezkariak dituela]
[Ekonomiak gogor baldintzapetutako egoera pairatzen baina bildutakoek argi erakutsi zuten gogoa, emeia eta nahikeria badela aurrera egiteko. Arazoak ez ziren ezkutatu, kritika eraikilea egin zitzaion Jaurlaritzari eta datozen urteotako egoerari buruzko kezka ere plazaratu zen. Eztabaidak eta proposamenak sortu ziren, eta kontaktuak eta ideiak kontrajarri eta mahaigaineratzea emankorra isuertatu zen. Euskal Etxe eredu desberdinen aurrean, kanpora begirakoa azpimarratu zen eta, izan ere, Bartzelonako euskal etxe anfitrioiari bere eredu lanpetu baina arrakastatsuaren aurkezpena egitea eskatu zitzaion, eta hala egin zuen elkarteko koordinatzaile Aitor Arrutik, argazkiak erakusten duenez]
[Larunbateko saioak ilundu aurretik amaituta, talde-argazkia, euskal etxeetako partaideak eta Eusko Jaurlaritzako Marian Elorza, Asier Vallejo, Manu Meaurio eta Mayte Galardi]
[Eta segidan, bigarren musika emanaldia, Bartzelonako Euskal Etxeak urtean zehar etengabe antolatzen dituen kultur programen baitan. Kasu honetan, Eñaut Elorrieta kantaria aritu zen Euskal Etxearen aretoan eta bertara hurreratu ziren jardunaldietako partaideak, euren txaloak bertako publikoaren esku-zartei emendatuz]
[Ondoko Euskalzaleak elkartera afaltzera pasatu aurretik, tartea topatu zuten Mallorcako Artea euskal etxeko bi ordezkariek, Manoli Korta eta Garbiñe Legarretak, Eñaut Elorrietarekin argazkia ateratzeko. Argazkia, Garbiñeren seme edo alaba batentzat omen zen]
[Igandean, berriz, urrunagokoetako batzuk etxerako bidea hartzen hasteko baliatu zuten. Beste batzuk hiria bisitatu zuten, bisita gidatuan, eguerdiz edo arratsaldez bueltako trena edo hegazkina hartu aurretik. Aldi berean, eguerdi aldera, Estatu Espainiarreko euskal etxeen federazioko bilera egin zen, Madril, Valladolid, Salou, Bartzelona, Mallorca, Valentzia, Quart de Poblet eta Zaragozako kideak partaide. Bazkalostean, larunbatean jokatutako Estatuko Mus Txapelketako irabazleei euren txapelak banatu zitzaizkien. Salouko bikotea geratu zen lehenengo eta Madrilgoa bigarren]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus