euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Europa eta Ameriketako euskal etxe ugarik beteko dute egunotan San Juan Gaueko suaren tradizio magikoa

2007/06/20

Sua eta sorgina izan ziren protagonista argazkiak islatzen duen Suipachako San Juan jaian
Sua eta sorgina izan ziren protagonista argazkiak islatzen duen Suipachako San Juan jaian

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko antzinatiko ohiturari jarraiki Diasporako hainbat euskal etxe eta komunitatek San Juan Gaua suarekin lotutako ekitaldiak eginez ospatuko dute. Udako solstizioa (neguko solstizioa hego hemisferioan) eta udari (neguari) ongi etorria egiten dion jai honek kristau santuaren izena eta eguzkiaren boterea eta suaren indar garbitzailea bezalako sinismen jentilak batzen ditu. Izpiritu gaiztoak aldentzeko eta aro berri oparo bati ekiteko aukerak bat baino gehiago tradizioa bete eta suaren gainetik salto egitera eramango du Montevideon, Caracasen, Buenos Airesen, Bartzelonan...
Aurten San Juan bezpera larunbat gauean heldu da eta horrek erraztasunak emango dizkie euskal etxeei euren bazkideak bildu eta jaiak antolatzeko. Batzuk aurreratu egin dira, goiztiarrenak Argentinako Cañuelaseko Euskal Etxekoak. Beste artikulu batean azaltzen dugunez, joan den astean egin zuten jaia, kalejira jendetsu eta alai batekin. Aste honetan, berriz, Bartzelonako Euskal Etxekoek etzirako deia luzatu dute, hauek ere hitzordua aurreratuz. Bertako bazkideak ostiralean bilduko dira, urteroko San Juan Sua eta 'akelarrearekin' udari ongi etorria egin eta Lumagorri Jaiaren edizio berri bat ospatzeko.

Uruguaien Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeko kideek jaia kalean egingo dute, ohi bezala, hiriburuko jendea parte hartzera gonbidatuz. Hitzordua larunbatean, gaueko hamaiketatik aurrera izango da, orduan elkarteko kide eta lagunak Cabildo aurrean bilduko baitira, Peatonal Sarandí eta Juan Carlos Gómez kaleen bidegurutzean eta sutzarra piztuko dute San Juan Gauaz gozatzeko.

Caracasetik Madrilera

Caracaseko Euskal Etxean, Venezuelan, jaia El Paraísoko egoitzaren terrenoetan egingo dute. Bertara gonbidatu dira elkarteko kide eta lagunak, aurten ere oroitzapen eta asmo txarrak surtan erretzeko prest. Garrak otzandu ahala adoretsuenak suaren gainetik salto egitera ausartuko dira, horrela izpiritu gaiztoak urrundu eta sasoin berrirako zorte ona ekarriko dien erritua beteaz.

Jaira larunbatean bilduko den beste euskal etxe bat Madrilekoa izango da. Madrildarrak, urteroko ohiturari jarraiki espainiar hiriburuko Gipuzkoa jatetxean bilduko dira. Bertan, gaueko 21:30etatik aurrera San Juan Afaria egingo dute eta euskal zaporedun menua dastatu ahal izango dute, besteak beste, marmitakoa eta pantxinetarekin.

Sorgin afaria Buenos Airesen

Argentinan San Juan jaiak antolatzen tradizio handia duen elkarte bat Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxea da. Aurten ere Sorgin Afari arrakastatsu eta dibertigarria antolatu dute. Antolatzaileen esanetan 'pintxoak eta babarrunak izango dira dastagai; zurrakapotea edateko eta sorgin konjurioa gauerdian'. Gainera zozketak, dantza eta jokoak egingo dituzte. Jaia gaueko bederatzi t'erdietan hasi eta goizaldeko ordu txikietaraino luzatuko da. Iparraldeko Euskal Etxearekin batera aurreko urteetan jaia antolatu duten euskal etxeek ere ez dute hitzordua galduko: Necochea, Suipacha, El Chaco...


Lotura interesgarriak

Caracaseko Euskal Etxeko gazteek su gainetik salto egin zuten
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko uztailaren 17an

San Juaneko magia argentinar Chacoraino heldu zen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko uztailaren 8an

Apunteak erre zituzten Mexiko DFko San Juan Suan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko ekainaren 28an

Suipachako Gure Txokoak San Juan gaua ospatu zuen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko ekainaren 30ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia