euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euriari aurre egin zioten Ontarioko Euskal Etxeko kideek eta giro onean ospatu zuten elkartearen aurreneko San Migel jaia

2013/10/09

Ontarioko Euskal Etxearen prozesioa, Mikel Deunaren irudiarekin. Aurrean, zuriz eta urdinez jantzita, Lisa Corcostegui, elkarteak aurkeztu zuen dantzaren sortzailea (argazkiak Kimberly Brown Barinaga/OntarioEE)
Ontarioko Euskal Etxearen prozesioa, Mikel Deunaren irudiarekin. Aurrean, zuriz eta urdinez jantzita, Lisa Corcostegui, elkarteak aurkeztu zuen dantzaren sortzailea (argazkiak Kimberly Brown Barinaga/OntarioEE)

PUBLIZITATEA

Iragan irailaren 29an Ontario Basque Club elkarteak, AEBetako Oregon estatuan, aurreneko aldiz ospatu zuen Saint Michael's Festival izeneko jaialdia, San Migel egunaren karira. Euskal etxeko kideak ilusio biziz aritu ziren festa prestatzen irailean zehar, baina azken unean ezusteko gonbidatu bat bildu zen jaira: euria, eta ez nolanahikoa. Erauntsia bota zuen Ontarion, baina, hala eta guztiz ere, elkarteko kideek aldarte ona eta ondo pasatzeko gogoa erakutsi zuten eta egunaz gozatu zuten. Kalakan taldearen kontzertu batekin amaitu zen festa, giro ederrean.

Ontario, AEB. Eguraldia Ontarioko Euskal Etxearen San Migel jaia zapuzteko zorian izan zen irailaren 29an, egunean zehar euri erauntsi galantak izan zirelako. Halarik ere, elkarteko kideen umore onari esker festa ez zen bertan behera gelditu, inondik ere; eguraldi makurrari irribarre egin eta jai egun gogoangarriaz gozatu zuten Ontarioko euskaldunek. Saint Michael's Festival delakoaren aurreneko edizio hau ez dute berahala ahaztuko, baina datozen urteetan tradizioari eusteko asmoa agertu dute antolatzaileek.

Eguna prozesioarekin hasi zen eta elkarteko kideek euripean eraman zuten sainduaren irudia Ontarioko kaleetan barrena. Ondoren, parkean, elkarteko dantza taldeak egun honetarako sorturiko dantza aurkeztu zuen lehen aldiz. Taldeko kide Lisa Corcosteguik sortu du koreografia elkarte euskal-amerikar honetarako. Luke Barinaga gazteak San Migelen papera egin zuen eta, dantzaren unerik ikusgarrienean, beste dantzariek airean altxatu  zuten.

Ontario San Miguel 2013

[Ontario Basque Club dantzariak eta, aurrean, San Migelen papera egin zuen Luke Barinaga gaztea (foto OntarioEE)]

Egunak euskal etxearen egoitzan egin zen lagunarteko bazkariarekin jarraitu zuen eta bazkalostean herri kirol txapelketak egin ziren parkean. Lehian, elkarteko gazteek euren indarra eta sasoia erakutsi zuten, eta, bai neskek, eta baita mutilek ere, lehiakortasun handia erakutsi zuten.

Ontario San Miguel 2013 2

[Patty Miller, Boiseko Euskal Museoaren zuzendaria, panderoa jotzen eta Dan Ansotegui musikaria eskusoinuarekin, Ontarioko San Migel jaiaren bazkalondoa girotzen (argazkia OntarioEE)]

[Ontario San Miguel 2013 3

[Euskal etxeko gazteek gogotsu parte hartu zuten herri kirol txapelketetan (argazkia Ontario EE)]

Jaia Kalakan talde euskaldunaren kontzertu batekin amaitu zen eta lagun asko bildu ziren euskal etxearen egoitzara emanaldiaz gozatzeko.

Ontario San Miguel 2013 4

[Kalakan taldeko kideak Ontarioko Euskal Etxean egin zuten emanaldian (argazkia OntarioEE)]

Festako argazki gehiago eta Kalakan taldearen emanaldiaren zenbait bideo, Ontarioko Euskal Etxearen Facebook orrian.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia