euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euri zaparradek eta partaidetza jaisteak ez dute poza batere urritu Cañuelasko 8. Dantzari Topaketan

2014/04/08

Eguraldi txarragatik, kalejira ez zen asko luzatu baina Buruhandien lilura ez zen faltan bota (argazkia Chivilcoyko EE)
Eguraldi txarragatik, kalejira ez zen asko luzatu baina Buruhandien lilura ez zen faltan bota (argazkia Chivilcoyko EE)

PUBLIZITATEA

Urtero bezala, 2014 honetan ere ospatu du Cañuelasko Denak Bat euskal etxeak bere Aberri Eguneko Dantzarien Topaketa. Jaialdia pasa den asteburuan burutu zen eta eguraldia gorabehera, bi egun eder igaro zituzten herritar eta bisitariek. Euriagatik, Cañuelas Futbol Club elkarteko instalazioetan egin behar izan zen dantza erakustaldia. Aurten aurreko urteetan baino dantza talde gutxiago bildu dira topaketara. Antolatzaileen esanetan, urrun dauden euskal etxeentzat, bertaratzeko garraio gastuen kostu altua da urtero etorri ezin izanaren arrazoia.

Cañuelas, Argentina. Buenos Aires probintziako Cañuelas hirian egin da Aberri Eguna ospatzeko Argentinako euskal diasporaren aurtengo lehenengo ekitaldia. Zortzigarren urtez jarraian, hamarretik gora euskal etxetako dantzariak bildu zituen Denak Bat-ek joan den asteburuan, apirilaren 5 eta 6an, antolatutako Topaketan; horien artean ziren General Las Heras-ko Zazpirak Bat, Maipuko Anaitasuna, Chivilcoy-ko Beti Aurrera, Chacabucoko Guillermo Larregui, General Rodriguezko Eusko Aterpea, Jose C. Pazko Toki Eder, Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak eta Cañuelas bertako Denak Bat euskal etxekoak. Eta gonbidatuen zerrendan, dantza-erakustaldian ez baina erromerian eta igandeko bazkarian izan ziren beste euskal etxe batzuetako ordezkariak ere behar dira aipatu, tartean Lomas de Zamora-ko Denak Bat, La Platako Euzko Etxea, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat eta Buenos Airesko Euskaltzaleak-ekoak.

Elkarretaratzearen urteroko egitarauari jarraitu zitzaion, aurtengoan eguraldiak batere lagundu ez bazuen ere. “Egin digun euriaren alde txar bakarra izan da ikuskizuna barruan egin behar izana, eta horrela egin ezkero pena da, leku itxia baita eta herriko jendeak ez du ikusten; gainerakoa oso ondo atera da, kalejira motz bat egin genuen kalean eta gero danborrada eta dantzak Cañuelas Futbol Taldearen instalazioetan”, azaldu dio EuskalKultura.com-i Daniel Sancholuz Denak Bat-eko Lehendakariak.

2014ko Cañuelasko Aberri Eguna 2014 01

[Hogei bat lagunek osatutako danborradak San Sebastian Martxa, Diana eta Retreta jo zituen (argazkia J. M. Cherutti)]

Danborradaren ostean, Gral. Las Heras-ek ireki zuen ikuskizuna Aurreskuarekin. Segidan, Gral. Las Heras eta Cañuelasko txikiek Zazpi Jauzi eta San Petrike dantzatu zituzten. Euskal etxe gonbidatuek, berriz, koreografia hauek eskaini zituzten: Maipu-ko Anaitasuna-k, Sorgin Dantza; Chivilcoy-ko Beti Aurrerak, Kontradantza; eta Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpeak eta Jose C. Paz-eko Toki Eder-ek, Gorte Dantza.

2014ko Cañuelasko Aberri Eguna 2014 02

[Chacabucoko ‘Alaia’ dantza taldeak Neskatxena aurkeztu zuen Cañuelasko 8. Dantzari Topaketan (argazkia Chacabucoko EE)]

Jarraitzeko, Gral. Las Herasko Zazpirak Bat-ekoak berriro atera ziren agertokira Arku Lurrean dantzatzera eta Cañuelasko dantzari ertainak, Arkuak Lurrean eskaintzera. Chacabuko Guillermo Larregui euskal etxeko dantzariek Neskatxena prestatu zuten ekitaldi honetarako eta amaierara iritsi aurretik, Tranque Lauquengo taldeak, lehendabizikoz Cañuelasen, Arku Dantza taularatu zuen. Bukaeran, dantzari anfitrioiek Fandango eta Arin Arin dantzatu zituzten ikuskizuna ixteko.

2014ko Cañuelasko Aberri Eguna 2014 03

[Dantzan edo publikoan, adin guztietako dantzariak dira beti Cañuelasko Aberri Eguneko protagonista (argazkia J. M. Cherutti)]

Emanaldiaren ostean euskal etxeko egoitzan bildu ziren berriro dantzari eta laguntzaileak afaria eta erromeria partekatzera. Bertan ere, urtetako tradizioari jarraituz, Daniel Balfredoren musika taldearen musikarekin abestu eta dantzatu zuten gazteek.

Behar da aipatu, bestalde, eta jardunaldietako azalpen historikoak eta zergatiak jendaurretuz, aurkezpena eskaini zutela bi adituk, Mikel Ezkerrok, Buenos Aires hiriburutik etorria, eta Iñaki Aramayok, La Platakoak, jaiari oinarria ipiniz, Aberri Eguna ospatzea baita urtero Cañuelasko Denak Bat-ek antolatzen duen elkarretaratze honen zio eta bilgarria.

Dantzarien 8. Topaketa igande eguerdian bukatu zen berrehun bat lagunentzako bazkari batekin. Bazkariaren baitan euskal etxeko anfitrioiko abesbatzak bere errepertorioko lau abesti kantatu zituen eta erakundeko kideek oroigarri bana eskuratu zieten delegazioei. “Etxeratzeko momentuan beti eskatzen digute lagunek ur beroa, ‘materako’. Horregatik bururatu zaigu ideia ona zela gure diseinu bat zeramatzaten termoak oparitzea”, azaldu digu etxeko kide den Veronica Zulaicak. 

Halaber, eta beste urtetan bai eta aurtengoan etorri ez diren euskal etxeei dagokienez, Zulaicak adierazi digu oso urrun dauden euskal etxeentzat, Cordoba probintziakoentzat edo Paranakoarentzat, kasu, garestiegia ateratzen zaielan bidaiaren kostua eta ezin dutela urtero etorri. “Etortzeko gogo handia zuten, baina ezinezkoa egin zaie”, azaldu digu Denak Bat-eko erreferenteak.

Euskal etxe gonbidatuetako lagunek igande arratsaldean esan zioten ‘agur’ Cañuelas-i, datorren urtean bueltatzeko asmo finkoa iragarriz.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia