euskal diaspora eta kultura
2011/07/29
PUBLIZITATEA
Bilbo, Bizkaia. Kabia antzerki taldea Miamiko Nazioarteko Gaztelaniazko Antzerki Jaialdiaren 36. edizioan izan da aurten, jaialdiak berak gonbidatuta. "Gaztelaniazko antzerki munduan jaialdi oso garrantzitsua da eta ilusio handia egin zigun gonbidapenak", azaldu digu Borja Ruiz zuzendariak. Taldearen antzezlanak, "Decir lluvia y que llueva"-k, kritika oso onak eskuratu zituen, Sarrionandiaren lanetan oinarritutako dantza eta antzerki nahasketa poetiko eta ezohikoarekin. Orain, taldea, interesa erakutsi duten zenbait programatzaileen berrien zain da.
Antzezlan honen sorkuntza prozesua 2006an hasi zela esan daiteke, antzerki taldea sortu zen urtean bertan. "Gaitzerdi taldearen barruko antzerki laborategi bat bezala hasi zen Kabia, eta elkar ezagutzeko, oso intuitiboki, gauzak sortzen hasi ginen. Horiek guztiak bildu eta ikuskizun bisuala prestatu genuen", azaltzen du Ruizek. Ikuskizunari kohesioa emateko orduan, Sarrionandiaren izena etorri zitzaien burura. "Bere testuak irakurtzen hasi eta guk landutako gauza askorekin bat zetozela ikusi genuen. Zeozer magikoa izan zen, hasi gauzak josten eta hain ondo zetozela ikustea", gehitzen du.
Itzala aske
Antzezlanean Sarrionandiaren zenbait testu erabiltzen dituzte eta izenburua bera ere "Ni ez naiz hemengoa" liburutik hartua da. Beste testu batzuk obraren imajinarioaren parte dira. Pertsonaietako batek Sar izena du, adibidez, idazlearen alter ego bezala edo. Badira beste batzuk ere. "Adibidez, 'Narrazioak' liburuan Sarri idazten ari da eta itzalak ihes egiten dio, independizatu egiten da. Guk ideia hori eszenikoki jarraitu dugu", adierazi du Ruizek.
Lana gaztelaniaz zein euskaraz egiten du Kabiak, eta Brasilen, Portugalen eta Miamin aurkeztu dute, besteak beste. "Euskal Herrian baino gehiago, kanpoan ibiliak gara, hori da gure paradoxa", aitortu du zuzendariak. Lanak harrera oso ona izan du orain arte eta Sarriren testuek jakinmina piztu omen dute. "Jendeak asko galdetzen digu berari buruz eta gu idazlearen erreferentzia ematen saiatzen gara beti".
"Euria esan eta euria egin" antzezlanaren bideo bat:
-Kabiari buruzko informazio gehiago, taldearen blogean
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus