euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eukene Franco Landa Estatu Batuetan jaiotako euskal hiztunak ari da elkarrizketatzen martxoaren 23ra arte Boisen

2023/03/17

Eukene Franco Landa martxoaren 23ra arte egongo da Boisen euskaldunak elkarrizketatzen. Irudian, hiriko Euskal Etxearen aurrean
Eukene Franco Landa martxoaren 23ra arte egongo da Boisen euskaldunak elkarrizketatzen. Irudian, hiriko Euskal Etxearen aurrean

PUBLIZITATEA

Boise, AEB. Eukene Franco Landa getxoztarrak Euskal Ikasketak egin zituen EHUn eta baita Euskal Hizkuntzalaritza masterra ere. Gaur egun Miamiko Unibertsitatean dago, doktoretza egiten. Bertan, Euskal Herritik kanpoko eskarmentuaren grina betetzeaz gain, irakasle bat ere topatu zuen, Dr. Ager Gondra Astigarraga, jatorriz Gernikakoa, gero bere tutorea izango zena, eta horrek aukera eman zion nahi zuena ikertzeko: euskararen aldakortasuna, batez ere pertsona elebidunetan. Miami oso hiri multikulturala denez, oso giro egokia iruditu zitzaion gaia aztertzeko, izan ere bera erdal testuinguru batean jaioa izanik, hezkuntza euskaraz jaso baitzuen eta geroztik bi mundutako hiztuna baita.

Hasieran, Euskal Herriko elebidun goiztiarren euskara aztertu nahi zuen bere tesian, esan nahi baita euskara nola aldatzen den etxean edo eskolan ikasiz gero. Eta, gainera, hizkuntza-ideologiak, batez ere identitateari dagokionez, nola pentsatzen duten eta nola identifikatzen diren euskara eskolan ikasi dutenak, zer den 'euskaldun zaharrentzat' 'euskaldun berria' izatea, zeintzuk diren irizpideak eta zergatik existitzen diren halako banaketak. Miamin bizi zenez eta AEBko Mendebaldeko euskal komunitateak "gertu" zeuzkanez, bertan euskal hiztun jaiotako pertsona elebidunen kasuak ikerketan sartzea iradoki zioten, konparaketa lana egin ahal izateko.

Bertako euskal hiztunak behar ditu Boisen

Horregatik dago egunotan Boisen, bertan bi aste emateko, martxoaren 23ra arte, diasporako euskaldunei elkarrizketak egiten. Bilatzen duen profila, batez ere, AEBetan jaio eta etxetik euskara duten euskal-amerikarrena da. Sarritan, AEBan daudela ezberdinak senti daitezke euskaldunak direlako eta Euskal Herrian daudela ere ez dira gainerako euskaldunak bezalakoak sentitzen. Gehienetan ingelesez daramate eguneroko bizitza arrunta, baina beste mundu txiki bat ere badute (familia eta komunitarena) euskara delakoz. “Border beings”, Gloria Anzalduaren aipua eginez, mugako gizakiak, bi mundu artean bizi diren hiztunak, Euskal Herriko pertsona elebidunekin gertatu ohi den bezala.

Hori guztia hartu du aztergai Eukene Franco Landak bere doktore-tesian. Izan ere, euskaldunak elkarrizketatzera etorria da egun hauetan bi astez Boisera, martxoaren 23ra arte, eta gozatzen ari da bertako euskal komunitatea ezagutzearekin. “Asko harritu nau komunitatearen goxotasunak. Hasiera-hasieratik laguntza handia eman didate jendearekin hitz egiten nor elkarrizketatu topa nezan, bertako ekitaldietara gonbidatu naute, oso polita izan da hori ikustea. Bizi naizen Miamin bizi justu kontrakoa da. Harritu nau ikusteak jendea kalean, trikitixa kontzertu bat egon zen aurreko igandean, umeek euskal dantzak dantzatu zituzten, briska txapelketa batean izan nintzen… giro askotxo da AEBak izateko, ez nengoen ohituta halako giro familiarra topatzeaz AEBko hiri batean”.

Bertako euskal hiztunik ezagutzen baduzu edo Eukene Franco Landarekin harremantzeko: eukenefrancolanda@miami.edu



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia