euskal diaspora eta kultura
2010/07/07
PUBLIZITATEA
Miel A. Elustondo, Jordan Valley, AEB. Era askotako tituluak ditu jendeak. Zerutik jaitsiak eta jainko ero ergelek emanak dira batzuk. Odolaren koloreari zor zaizkiola diote gezurra. Eta dira markes printze eta duke. Badira beste titulu batzuk inoren lanbidearen izerdiari eta odolari -beste odol bat da hau, txarra-, dagozkionak. Eta dira harakin okin zerbitzari eta neskame. Beste titulu batzuk, jende bakanak, banakak duen ahalmenaren araberakoak dira. Hauetarik da Eugenie Acordagoitia (Jordan Valley, Oregon, 1923), euskaraz berba egiteko gauza den euskal amerikar azkenetarik Basque bulebarreko herrian...
Bost urte dira azkenekoz ikusi zenuenetik. Ez zenekien bizirik irauten ote zuen ere. Nevadatik Oregonera bidean, azken gasolindegian geldiunea egin McDermitt-en eta jakin duzu: bizirik da Eugenie.
-Texaco gasolindegiaren parean, kalez bestaldean etxe gris koloreko txiki batean bizi den andrea? Bizirik da, bai.
-Eugenie Acordagoitia, oker ez banago -esan diozu, euskararen deitura trakestuz, mamurtuz, bihurrituz amerikarraren belarrian talka gogor egin ez dezan.
Eta hartu autoa eta abian zara, McDermittetik Jordan Valleyra, 65 milia orduko, eta hobe duzu abiadura muga errespetatu, Mendebalde honetan ez duzu-eta ordubeteko biderik egingo polizia bat bi hiru gurutzatu gabe. Bi orduko bidea duzu, ez dakizu zenbat milia, ez diozu arretarik eman ohi. Orduen arabera kontatzen dizkizute hemen distantziak, alferrik dira milia kopuruak.
-Eugenie, eta bizirik ere, etxean izango ote duk? Gogoratuko ote hau? -zeure buruari ari zara auto barruan, zalantzak dituzu lagun baina bazoaz-. Bizian bitan ikusi duk, joan deneko hamar urtean bitan baino ez duk hitz egin Jordan Valleyn euskaraz mintzo den azken euskaldunarekin. Bizirik duk, hala ere, eta hildako ilara handia daramak lepoan honako bidaia honetan. Euskaldunak hilak Renon, hilak Winnemmuccan, hilak McDermitten... Eugenie bizirik? Hoa Jordan Valleyraino!
Hantxe zara bi orduko bakardadea iragan eta gero, betiko arrantxo bideari -Arritola Place-, betiko ohiko argazki sorta egin ondoren. Behin eta berriz eta askotan egina duzun argazki bera, beste behin kamerak tiroz eraitsia. Arritola Place, horixe itzulinguru bakar. Ez dago ikusmiraren ederrari tiro gehiago egiteko astirik. Kito argazkiak.
Jordan Valleyn, Eugenieren etxera zuzen.
-Kax, kax!
Eta tarte bat eta pauso makal hotsa barruan, aterantz. 'Andrea etxean duk, behintzat!'.
Eta agurtu eta andreari gogorarazi nor zaren. Bost urte direla bertan izan zinenetik. Euskaraz ari zatzaizkio. Ez zaitu ezagutzen, euskarari ireki dio atea.
-Etorri barrura. Europatik etorri zara, orduan? Eta Renotik Jordan Valleyraino etorri zara ni ikusten?
-Gauza handia dut Jordan Valleyn inork euskaraz egiten jakitea.
-Gauza handia, benetan? Sasoi batean euskaldunak asko izan ziren hemen, asko. Baina badakizu, zahartu, eta hil! Joan ziren! Nik ere laurogeita zazpi urte dauzkat! Atso zaharra!... Barre egiten duzu. Atso zaharra naiz, bai. Ni sasoi batekoa naiz -old timers, badakizu-, eta sasoi bateko kontuak dakizkit. Hemen ez dago euskaldunik. Gutxi. Aurreko morroi hau ere euskalduna da [etxe atarian, kalez bestaldean gasolindegia duen Jim Zaticaz ari da], baina ez du askorik egiten euskara... Horren arreba ere Boisen edo non edo non bizi da orain. Idurrespi zen ezkondu orduko.
-Idurrespi? Idurrespi, Idurrespi?... Iturraspe! -nik, hirugarrenean.
-Iturraspe? Kar, kar, kar...
-Kar, kar, kar...
-Barre egiten duzu sano!
-Bai. Zuen Idurrespi, Iturraspe dugu guk. Zuen Ilordai, Elordi. Zure Corda, Korta...
-Euskara askorik ez dakit, ez daukat lagunik. Ahizpari ere ahaztu zaio. Esaten dit: «Nor daukazu han, Jordan Valleyn, euskaraz egiteko, bada?». «Inor ere ez». «Eta niri ahaztu egin zait eta zuri ez!». Kar, kar, kar... Homedalen bizi da nire ahizpa, arrantxoan. Bakarrik dago. Gizona hil zitzaionetik bakarrik. Hari ahaztu, eta niri ere bai, ahaztu, asko... Honen [Jim Zatica] ama bizi zenean, beti elkarrekin egoten ginen. Baina hura joan zen, eta tira! Orain hemen ez dago euskaldunik. Espainiatik Boisera etortzen direnak eta gero Jordan Valleyra, Zaticarenean geratzen dira. Baina Jimek ez daki euskaraz, eta niri botatzen dizkidate euskaldunak. Neuk ere askorik ez dakit baina... Bazen mutil bat, ilehoria, orain dela bi urte edo etorri zena, jendearekin hitz egiten. Uste dut Espitar, Ispitar-ekoa zela.
-Ispaster.
-Horixe. Zelan esan duzu?
-Ispaster.
-Han jaio ziren nire aitta eta ama. Aitta, Justo zen. Ama birritan ezkondu zen, bi Cortarekin. Lehenengo batarekin ezkondu zen. Hura gazterik hil zen baina, eta beste anaiarekin ezkondu zen orduan. Lehenengo gizonarekin sei seme-alaba eduki zituen, eta bigarrenarekin ere sei. Laurogeita zazpi urte ditut, eta etxeko umea izan nintzen, familiako gazteena! Amak Maria zuen izena, Maria Ocamica. Ezkondu eta gero, Corta. Maria Jesusa Ocamica zen. Hona etorri ezkero ez zen sekula joan Europara. Nire aitta... Zer edo zer erakutsiko dizut... [Joan eta aita zenaren hiritartasun agiria dakarkit. Ehun urte dituen dokumentu ongi zaindua irakurtzen hasi naiz aldaxkatik aldaxkara].
New Yorkera 1889an
-«Izena, Justo Corta. Ispasterren jaioa. 29 urte. Ganaduzaina. Arraza, zuria. Beltzarana. Begi marroiak. Ile marroiak. Martxoaren 5ean Hungria itsasontzia Liverpoolen hartua. Soldier Creek (Idaho), arrantxo helbidea. New Yorkeko portura heldu 1889ko martxoaren 17an. Uko egiten diot, betiko, Alfontso XII Espainiako erregeari. Ez naiz anarkista, ez naiz poligamo ez poligamiaren aldeko... AEBetako hiritar izatea da nire borondatea. Lagundu Jauna. Sinadura, Justo Corta».
-Hamazazpi urte zituen aittak hona etorri zenean -nire baitako irudi eta pentsamenduen haria etenarazi du Eugeniek-. Ez da istorio makala, e! [Argazki bat dakarkit. Etxea du ageri, guraso diratekeenak eta dozena bateko ume koadrila galanta bertan, alde batetik besterako ilaran] Hori duzu Corta arrantxoa. Ume guztiak ere hortxe.
-Justo, aita. Maria Jesusa, zure ama...
-Bai. Amaren lehenengo gizona Pedro zen. Ez dakit noiz etorri zen, baina semea eduki zuten ordurako, Jose, Joe, eta honek urte bat eduki zuenean etorri zen ama senarrarekin batzera. 1900ean. Pedro hil zenean, haren anaiarekin ezkondu zen ama, Justorekin. Bera izan zen nire aitta. Hemen jaio ginen guztiak, Jordan Valleyn, Corta arrantxoan. Han hazi ginen, baina eskolara joateko, herrian erosi genuen etxe zahar bat, 1951n. Etxe hau dagoen tokian. Aitta, ama, eta hamabi neba-arrebak bizi ginen hemen. Eskola hemen ondoan zegoen, eta hor dago oraindik. [Beste erretratu bat dakarkit] Sei neba-arreba gaude hemen: Eugenia, Carmen, Eduardo, Michel, Emilia eta Simon. Hamabi izan gara, baina orain Carmen eta biok bizi gara, bakarrik. Beste guztiak hil ziren. Eta Carmen ere ospitalean dago... Gooding-en (Idaho), lehengusua daukat, Louis Zatica. Urtero, Corta picnica egiten dugu Homedale-n (Idaho), han euskal etxea daukate-eta. Corta picnic izena ematen diogu, Cortatarrek hasi ziren-eta hura egiten. Han batzen gara lehengusu-lehengusinak, lobak... denak Corta. Han ezagutu nuen Louis Zatica. Euskaraz hitz egiten du baina andrea amerikanoa da. Barre handiak egiten ditut ikusten dudanean. Esaten diot: «Zu, amerikanoa! Niri ahaztu egin zait euskara, ez daukat inor euskaraz egiteko-eta!». Euskaraz egiten dugu beste guztien aurrean. Ondo pasatzen dugu... Ahaztu egin behar zaigu euskara, ahaztu! Txikitan euskaraz hitz egiten genuen! Nire nebak, ahizpak... denok ikasi dugu. Baina nire semeak ez du ikasi. Aita euskalduna zuen, euskaraz egiten zuen, baina gazteak hemen orain zer?... Sasoi batean euskalduna zen Jordan Valley dena. Elorriaga, Marquina eta Azkoniga [Azkuenaga], hiru ostatu horiek egon ziren hemen, eta bakoitzak bere dantza eguna eduki zuen. Batek, Gabon zaharretan; besteak, Urteberri egunean, eta Elorriagak Errege egunekoa. Denda bi egon ziren herrian, biak euskaldunak. Restaurant bi, euskaldunak... Orain hemen ez dago ezer. Hau herri hau pikutara joan da. Jendea hil da. Telleria-eta, old timer people, sasoi bateko jendea, joan da. Hil ziren. Nire edadeko jendea da. Ume euskaldunak, zer edo zer ikasi dutenak, han eta hemen bizi dira, Jordan Valleytik kanpora. Hemen ez dago ezer, gazteak ez dauka ezer, eta joan egin behar da, beharrean. Oraintxe, Chevron Station, kale honetan berton, euskalduna zen, zarratuta dago.
-Chevron gasolindegia, Madariagatarrena -nik, joan deneko hogei urtean beti irekita ezagutu dut-eta hura.
-Bai. Jordan Valleyn hemen aurreko Zaticaren gas station hauxe dago, bakarrik. Badago beste taberna bat, JV Bar, Ilordai [Elordi] batena. Lehengusuari saldu dio orain. Akarregiri. Holako negozioa, edo arrantxoa, besterik ez dago hemen... Roy Eiguren ezagutzen duzu?
-Bai. [Jordan Valleyn sortua. Abokatu ezaguna da Boisen eta euskal komunitatearen partaide aktiboa. Reno-Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroaren Aholku Batzordeko kide]
-Nire loba da, gizonaren partetik. Haiekin lotuta daude Arock-eko Eiguren arrantxokoak.
-Nor izan zen zure gizona?
-Alfonso Acordagoitia. Artzaina zen. Erakutsiko dizut [Argazki albuma dakarrela dator. Familia argazkiak eta, sorta apartean, gizona zuena ogia egiten, beste zenbait lagunekin batera. Jai giro da argazkian. Artzain erretiratuak kamerari erakustaldia egiten ariko balira bezala]. Artzaina, eta kozina egin behar, mendian bakarrik eta! Ogia lurpean egiten zuen, ederra!... Bada, pasa den urtean hemengo batzuk joan ziren hara, ez dakit nora, Bizkaian uste dut, baina ez dakit zein herri Espainian. Eta museora joan ziren, eta nire gizonaren erretratua ikusi zuten, zelan egiten zuen ogia erakusten. Harrituta egon ziren! Alfontsoren erretratua, Espainian, museoan, ogia egiten! Sua egiten zuten lurrean, eltzea lurpean sartu eta tapatu egiten zuten, egosten utzi, eta ogia eginda! [Gizona zuena ageri da argazkian, lagun bat ondoan] Hona hemen nire gizona ogia eskuan. Alfontso Acordagoitia eta Eduardo Urquiaga. Ikusi duzu erretratua han?
-Ez, ez dut ikusi, baina non edo non ikusia dut.
-Ooo!... Kafe gehiago, mr. Miel?
(2010-07-06an Berrian argitara emana)
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus