euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Etzi La Platan inauguratu eta gero, eskatzen duten euskal etxeetan jarriko da ikusgai "Begiradak eraldatzen" erakusketa

2015/03/04

"Begiradak eraldatzen" erakusketaren afixa
"Begiradak eraldatzen" erakusketaren afixa

PUBLIZITATEA

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak plazaratutako hainbat kanpainatako materiala biltzen duen erakusketa Emakumearen Eguna dela eta egingo diren ekitaldien baitan estreinatuko da La Platan, martxoaren 6an, bertako Isla Malvinas Kultur Gunean. “Sentsibilizatzen eta begiradak eraldatzen jarraitzeko helburu duen erakusketa” hau antolatu nahiko luketen beste euskal etxeek, Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkaritzarekin kontaktatu behar dute. 

La Plata, Argentina. Martxoaren 8an ospatzen da Emakumearen Nazioarteko Eguna eta mundu mailan egingo diren ekitaldiekin bat egiteko, "Begiradak eraldatzen" erakusketa inauguratuko du La Platako Euzko Etxeak ostiral honetan, iluntzeko 7etan, hiriko Islas Malvinas Kultur Gunean. Erakusketa ikusgai egongo da martxoaren 20ra arte, goizeko 10etatik gaueko 10etara.

Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkaritzak antolatutako erakusketak “Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatutako sentsibilizazio kanpainetako materiala biltzen du. Gizarteari bere buruaren irudia aldatzen lagundu dieten emakume eta gizonen arteko berdintasunei buruzko hainbat irudi eta mezu”, azaldu digute Ordezkaritzatik. Aipagarria da gainera, ekimen hau Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako Euskal Legearen onespenaren 10. urteurrenean sortu dela.

Zeurera ekarri nahi?: xehetasun eta baldintzak

Erakusketa montatu ahal izateko beharrezkoa da irudiak (1 x 0,80m) eta euren erreferentziak inprimitzea, eta areto egoki batean jartzea. Lan honek dakartzan gastu guztiak euskal etxe antolatzaileak hartuko ditu bere gain. Materiala gaztelaniaz eta euskaraz dago. Emakundek eta Eusko Jaurlaritzak materiala erreproduzitzeko eskubideak uzten dituzte, doan. Erakusketarekin batera ekimenaren xehetasunak adierazten dituzten esku-paperak egin ahal izango dira. Testu hau Ordezkaritzarekin adostu behar da. Ordezkaritzak eta Emakundek ikus-entzunezko materiala utziko dute, erakusketa osatzeko. Euskal etxeek akordio bat sinatu behar izango dute Ordezkaritzarekin erakusketa burutu ahal izateko.

Erakusketaren garapena

"Begiradak eraldatzen" erakusketa abian jartzeko, emakume eta gizonen arteko berdintasunei buruzko gaiekin lan egiten duen komunitateko beste erakunde batekin elkartu beharko dute euskal etxeek. Erakunde horiek izan daitezke Gobernuz Kanpoko Erakundeak, unibertsitateak edo herri, hiri edota probintziako gobernuak. Erakusketaren formatuak, gainera, aldi bereko jarduerak egiteko aukera ematen duenez, gai honekin lotutako hitzaldiak, tailerrak eta ekintza gehiago agin ahal izango dira.

Erakusketa urtean zehar antolatu ahal izango da, eta horretarako interesa duten euskal etxeek Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkaritzarekin jarri behar dute harremanetan. Informazio gehiago eskuratzeko, Ordezkaritzako Erakunde Harremanen arduraduna den Mariana Satosteguirekin kontaktatu behar da emailez  marianasatostegui@euskadi.eus helbidean edo telefonoz, 11 41 20 05 86/88/90 zenbakietan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia