euskal diaspora eta kultura
2011/05/16
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Etxepare Euskal Institutuak Alemaniako Constanza Unibertsitatean Euskara eta Euskal Kultura irakurletza abiaraziko duela jakitera eman du gaur Donostiako egoitzan egin den prentsaurrekoan. Etxepareko zuzendariak, Aizpea Goenagak, eta Constanza Unibertsitateko katedradun Georg Kaiser-ek 2011-2012 ikasturterako lankidetza hitzarmena sinatu dute ekitaldian.
Irakurletza alemaniar unibertsitateko Gizarte Zientzien barruan kokatuko da, hizkuntzalaritza eta literatura sailei lotuta. Unibertsitatean jada martxan den irakurletza katalanarekin batera Unibertsitateko Hizkuntza Iberiarren Zentroaren sorrera ekarriko du.
Sarea Alemanian
Goenagak irakurletza programa Etxepare Institutuaren jardunaren "ardatz estrategikoa" dela azaldu du ekitaldian eta nabarmendu du bizitza akademikoan parte hartze horrek hizkuntzari "ospea emateaz gain", kulturarekiko "interesa eta jakinmina" ere pizten dituela.
Hitzarmen berri honekin eta aurretik abian zirenekin (Berlineko Freie Unibertsitatean eta Frankfurteko Goethe Unibertsitatean) irakurle sare indartsua osatzen da Alemanian. Gainera, Frankfurteko irakurletzaren kasuan, institutuak jakinarazi du datorren urtean irakurlearen ekimenak areagotu egingo direla eta irakurlea aukeratzeko deialdia egingo dela. Era berean, institutuak unibertsitateko Euskal Liburutegiko fondoen inbentarioa sustatuko du.
Irakurletza berriak
Goenagak azaldu duenez, Alemaniako irakurletza berri honekin batera beste hiru jarriko dira martxan irailean: Standfordeko Unibertsitatean, Liverpooleko Unibertsitatean eta Poznaneko Adam Mackiewicz Unibertsitatean. Oraindik hitzarmenik sinatu ez bada ere, litekeena da beste bi irakurletza berri sortzea 2011-2012 ikasturtean: bata, Pariseko Sorbonne Nouvelle Unibertsitatean eta bestea Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitatean.
Goenagak aipatu duenez, Kultura Sailak irakurletza abian jarri zuenez geroztik (2004-2005 ikasturtean) munduko 25 unibertsitateetan 5.000 ikaslek jaso dituzte euskara eta euskal kultura ikastaroak. Halaber, Etxepareko zuzendariak irakurle postuak betetzeko deialdiek izan duten erantzuna azpimarratu du; izan ere, urtarriletik hona egin diren 15 posturen deialdietara 120 hautagai inguru aurkeztu dira.
Bi katedra AEBetan
Mari Jose Olaziregik, Etxepare Institutuaren euskara sustapenerako zuzendariak, berriz, Chicagoko Unibertsitatean katedra bat abiaraziko dela jakinarazi du. Katedrak Koldo Mitxelena izena izango du eta irailean edo 2012 hasieran jarriko da martxan. "Chicagoko Unibertsitateak euskal ikasketak eskaintzeko interes handia erakutsi du eta unibertsitateak berek lagunduko du katedra honen finantziazioan", azaldu dio Olaziregik EuskalKultura.com-i.
Chicagokoa AEBetan sortzen den bigarrena izango da, New Yorkeko City University-n abiaraziko den Bernardo Atxaga katedrarekin batera. Azken hau irailean jarriko da abian eta Atxaga bera New Yorken izango da inaugurazio ekitaldian. Abiaraztea lagunduz, irailaren 11tik 18ra euskal literatura, zinema eta kulturari buruzko zenbait ekitaldi burutuko dira Mahanttanen.
Honen deialdi ofizialik ez dute argitaratu? Beraien webgunean ezer gutxi aurki dezaket.
Mikel, 2011/05/16 11:11
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus