euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Etxeparek euskal kulturari buruzko liburu saila jarri du sarean, doan, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez

2012/09/19

Euskal Kultura sailaren aurkezpenean izan ziren aurreneko hamar aleak idatzi dituzten adituak, Mari Jose Olaziregi editorea eta Aizpea Goenaga, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria (argazkia Etxepare)
Euskal Kultura sailaren aurkezpenean izan ziren aurreneko hamar aleak idatzi dituzten adituak, Mari Jose Olaziregi editorea eta Aizpea Goenaga, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria (argazkia Etxepare)

PUBLIZITATEA

Euskal Kultura saila du izena bilduma honek eta atzo Donostian aurreneko hamar aleak aurkeztu zituen Etxepare Euskal Institutuak. Sailak jorratzen dituen gaiak euskara, euskal literatura, euskal musika klasikoa, euskal kantagintza, ikusizko arteak, euskal zinema, arkitektura eta diseinua, euskal dantza, bertsolaritza, tradizioak, euskal sukaldaritza eta antzerkia dira. Bildumaren helburua euskal kulturaren arlo hauek nazioartean zabaltzea da eta hirueletan plazaratu da: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Eta gure irakurleentzako interesgarriena: doan deskargatu daitezke Etxepareren webgunetik.

Donostia-San Sebastián. Euskara eta euskal kultura munduratzeko ahaleginean, Etxepare Euskal Institutuak Diasporako euskaldunentzat eta gai honetan interesa duen edonorentzat tresna oso baliagarria jarri berri du sarean. "Euskal Kultura Saila/Colección Cultura Vasca/Basque Culture Series" izena duen liburua bilduma da eta atzo Donostian aurreneko hamar aleak aurkeztu zituzten (orotara hamabi ale izango ditu sailak).

Mari Jose Olaziregi, Etxepareko Euskara Zabalpenerako zuzendaria, izan da sailaren editorea eta bere esanetan liburuxka hauen helburua “euskal sorkuntzari buruzko informazio eguneratu, erakargarri, eta
aldi berean, sendoa eskaintzea", da.

Bilduma egitekoan oso kontuan izan duten alderdia informazio hau "geureaz jakin nahi duten horiengana erraz iristeko moduan aurkeztea" izan da, Olaziregik azpimarratu zuenez. Hori dela eta, liburuak zuzenean Etxepareren webgunetik deskargatu ahal dira, PDF formatoan. Horrez gain, institutuak antolatzen dituen ekitaldietan, azoka, jaialdi, aurkezpen eta unibertsitateetan banatuko dira, doan.

Deskarga itzazu!

Gure irakurleei lana errazte aldera, zerrenda honetan bildu ditugu une honetan Etxepare Euskal Institutuaren webgunean eskuragarri diren Euskal Kultura Saileko liburuak. Izenburuan klik egin eta zuzenean deskargatuko da ale bakoitza. On egin!

1. Euskararen historia laburra (Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza)
2. XX. Mendeko euskal literatura (Estibalitz Ezkerra)
3. Euskal Musika klasikoa (Karlos Sanchez Ekiza)
4. Euskal kantagintza: pop, rock, folk (Jon Eskisabel)
5. Estanpa bilduma (Ikusizko Arteak) (Miren Jaio)
6. Euskal zinema (Joxean Fernandez)
7. Arkitektura eta diseinua (Pello Agirre)(argitaratzeke)
8. Euskal dantza (Oier Araolaza)
9. Bertsolaritza (Joxerra Garzia)
10. Tradizioak (Joseba Zulaika)
11. Euskal sukaldaritzaz (Hasier Etxeberria)
12. Euskal antzerkia (Pedro Barea)(argitaratzeke)

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia