euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Etxeparek bost euskal irakurletza berri sortuko ditu: Habanan, Parisen, Illinoisen, Edinburghen eta Kalifornian

2015/06/15

Habanako Unibertsitatean euskara eta euskal kultura irakurletza irekiko dute datorren ikasturtean
Habanako Unibertsitatean euskara eta euskal kultura irakurletza irekiko dute datorren ikasturtean

PUBLIZITATEA

Datozen bi urteetan Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kultura irakurletza sarea zabaldu egingo du, bost unibertsitate berritan ikastaroan abian jarriz.  Erakundeak aditzera eman duenez, 2015/2016 ikasturtean irakurletzak irekiko dituzte Habanan (Kuba), Parisen (Frantzia) eta Illinois-eko Unibertsitatean (AEBn). Gainera, 2016/2017 ikasturtean beste bi gehituko zaizkie: Edinburgh-en eta Kaliforniako Unibertsitatean.

Donostia-San Sebastián. Etxepare Euskal Institutuak aditzera eman du datozen bi urteetan bost irakurletza berri irekiko dituela, euskararen eta euskal kulturaren ezagutza eta prestigioa nazioartean sustatzeko xedearekin.  Etxepare Euskal Institutuak Euskara eta Euskal Kulturako irakurletzen sarea osatzen dihardu. 2014 - 2015 ikasturtean 27 irakurlek osatzen dute Institutuaren sare, 17 herrialdetan dauden 34 unibertsitate ezberdinetan.

2015 - 2016 ikasturterako hiru irakurletza berri sortu ko dira nazioarteko unibertsitate ospetsuetan:

  • University of Illinois at Urbana - Champaign (AEB)
  • Universidad de La Habana (Kuba)
  • Université Sorbonne IV, París (Frantzia)

2016 - 2017an, aldiz, beste bi unibertsitatek irekiko dute euskara eta euskal kulturako irakurletza:

  • University of Edinburgh (Erresuma Batua)
  • UCLA University of California Los Angeles (AEB)

Abian jarri zenetik, Etxepare Institutuko irakurletza sareak goranzko bilakaera izan du . Batetik, baliabideak optimizatu egin dira: zenbait irakurlek unibertsitate ezberdinetan irakasten dute, eta 8 hitzarmen bertan behera utzi dira. Bestetik, azken lau urteotan 24 hitzarmen berri sinatu dira unibertsitateetan, hauen prestigioa eta ikasketen curriculum presentzia kontuan hartuta. Orotara, ikasle kopurua bikoiztu egin da.

Gainera, unibertsitate guztietan ekintza akademiko - kulturalak ere antolatu dira -250 bat 2011tik gaur arte- , mundu osoko ikasleek euskal hizkuntza eta kultura lehen eskutik bizi ditzaten. Bestalde, egungo irakurleen eta etorkizunekoen prestakuntza sendotzeko, 2011. urtetik aurrera Etxepare Euskal Institutuak "Excellence in Basque Studies" ikastaroa antolatzen du urtero, uda partean, UPV-EHUko Udako Ikastaroekin elkarlanean. Aurtengoa uztailaren 8tik 10era izango da, Mariasun Landa idazlearen omenez (matrikula zabalik dago oraindik).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia