euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Etxepare Institutuko zuzendaria Sao Pauloko Arte Bienalean izan da eta Eusko-Brasildar Etxearekin bildu da

2014/09/15

Oskar Goitia (Eusko-Brasildar Etxea), Aizpea Goenaga (Etxepare), eta bisitaldiko bi lagun (argazkia Casa Basco Brasileira Sao Paulo)
Oskar Goitia (Eusko-Brasildar Etxea), Aizpea Goenaga (Etxepare), eta bisitaldiko bi lagun (argazkia Casa Basco Brasileira Sao Paulo)

PUBLIZITATEA

Abian da Sao Pauloko “31a Bienal de Arte Moderna” eta aurreneko aste hauetan euskal arteak leku nabarmena izan du bertan, Asier Mendizabal eta Juan Pérez Agirregoikoa artistei esker. Inaugurazioan izan zen ere Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Aizpea Goenaga. Era berean, Sao Pauloko Casa Basco Brasileira euskal etxearekin eta USP unibertsitatearekin bildu zen Goenaga, Euskara eta Euskal Kultura irakurletza bat sortzeko aukerak aztertzeko.  

Sao Paulo, Brasil. Sao Pauloko Arte Modernoaren Bienala munduko nagusienetakoa da eta nazioarteko artista andana ari da biltzen, irailaren 6tik abenduaren 7a bitartean. Lehen asteotan bi artista euskaldun izan dira bertan lanak aurkezten: Asier Mendizabal eta Juan Perez Agirregoikoa. Euren ekarpena, Eusko-Brasildar Etxeko arduradunen esanetan, “ikusgarria” izan da. Mendizabalek Jorge Oteizak 1949an Liman aurkeztu zuen eskulturaren hainbat eguneraketa erakutsi ditu, eta Perez Agirregoikoak, aldiz, Pasoliniren “Ebangelioa San Mateoren arabera” filman oinarritutako bideoa grabatu du Sao Pauloko kaleetan.

“Nazioarte mailan arte plastikoen inguruko gertakizun garrantzitsuenetakoa da biurtekoa, eta bi euskal sortzaile hautatu dituzte aurten (80 artistetik 2!)", esan dio EuskalKultura.com-i Aizpea Goenagak. "Etxepare Euskal Institutuak laguntza eskaini die noski, eta poz handiz ikusi ahal izan nuen zer nolako harrera egin zieten topaketaren hasieran. Oso kontaktu interesgarriak ere egiteko parada izan dugu bertan", diosku Goenagak

Etxepare Institutuko zuzendaria bi euskal artistekin batera izan da egunotan Sao Paulon eta bertako Casa Basco Brasileira euskal etxeko kideekin bildu da. Horrez gain, euskal etxeko presidente Oskar Goitia lagun, Goenagak Universidad Estadual de São Paulo (USP) unibertsitatea bisitatu du eta bertako arduradunekin Euskara eta Euskal Kultura ikastaro bat edo graduondoko arloan irakasle gonbidatu postu bat sortzeko aukerak aztertu ditu.

Etxepareko zuzendariak Eusko Brasildar Etxearen egoitza eta Tremembé kultur gunea ere bisitatu ditu. Azken honetan ematen dira, besteak beste, elkartearen euskara, dantza eta musika ikastaroak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia