euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Etxepare Institutuko Patronatua bildu da Gasteizen, 'Euskara Munduan' osorik kudeatuko duen lehenengo ikasturte atarian

2018/07/20

Etxepare Euskal Institutuko Patronatuaren joan den asteazkeneko bileran parte hartu zutenen argazkia (arg. Irekia)
Etxepare Euskal Institutuko Patronatuaren joan den asteazkeneko bileran parte hartu zutenen argazkia (arg. Irekia)

PUBLIZITATEA

Urte hasieran pasatu zen munduko euskal etxeetan euskara irakatsi eta irakasleak formatzeko 'Euskara Munduan' programa HABEren eskuetatik Etxepare Euskal Institutura, baina Europako udaostean hasiko den 2018-2019 ikasturtea lehenengoa izango da osorik eta erabat Etxeparek kudeatuko duena. Hau eta beste hainbat gai jorratu ditu Etxepareren Patronatuak joan den asteazkenean Gasteizen, Lehendakaritzan egindako blkuran, Urkullu lehendakaria buru.

Vitoria-Gasteiz. Iazko kontuak eta kudeaketa txostena eta 2018ko aurrekontuak azaldu ondoren --2,59 miloi eurokoa du Etxepare Euskal Institutuak 2018ko buxeta-- Etxepareko zuzendari Irene Larrazak ildo nagusien aurkezpena egin zuen. Institutuak zabaldutako oharrak biltzen duenez, alde batetik, bertako erakunde publiko eta kultur eragileekin koordinazio eta lankidetza hobetzeko, koordinazio eremuak identifikatu eta lan dinamika eraginkorragoak jarri ditu martxan Institutuak. 

Bestetik, hazkunde kualitatiboari eutsi dio Etxeparek, jada sortuak dauden sareak sendotuz eta beste erakunde batzuekin lankidetza sustatuz. Horrekin batera, diru-laguntza deialdietan hainbat aldaketa txertatu ditu kultur sektorearen beharrei hobeto erantzuteko. Besteak beste, prozeduren digitalizazio prozesua gauzatu da eta diru-laguntza berri bat sortu da nazioarteko liburu azoketan liburuaren sektoreko profesionalen parte hartzea bultzatzeko.

Bestalde, euskal kulturari nazioartean ikusgaitasun handiagoa emateko hainbat ekintza esanguratsu bultzatzen ari da Institutua.

Euskararen irakaskuntzaren alorrean EuskalKultura.com-ek duela urtebete aurreratu zuen Euskara Munduan programa Etxeparek bere gain hartzea behar da azpimarratu. Euskal Etxeetan euskararen irakaskuntza sustatzea helburu duen egitasmo hau HABEk kudeatzen zuen orain arte eta mundu osoko 75etik gora Euskal Etxek hartzen duten parte. Urte hasieratik Etxeparek koordinatzen du, koordinatzailea aurreko bera delarik, Jose Francisco Kinku Zinkunegi.

Mundu akademikoan eta irakaskuntzaren alorrean Etxepare Euskal Institutuak duen jarduna irakurletza eta katedra sarearekin osatzen da. Euskara eta euskal kultura klaseak ematen dira 18 herrialdetako 34 unibertsitatetan eta zortzi euskal ikasketen katedra daude beste hainbeste unibertsitatetan.

Era berean, nazioartean euskal kulturaren irudi nabarmen bat proiektatzeko eta euskal sortzaileen eta hauen lanen ikusgaitasuna areagotzeko ekintza eta komunikazio estrategia berria diseinatu du Institutuak, eta urteko azken hiruhilekoan hasiko da inplementatzen.

Azkenik, eta kultur diplomaziaren alorrari dagokionez, Etxeparek EUNICen (Europako Kultura Institutu Nazionalen sarea) duen eragina eta mugaz gaindiko kultura lankidetza areagotu ditu Institutuak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia