euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Etxepare Institutuak Jon Bilbao Katedra berria abiaraziko du hil honetan Renoko Unibertsitatean

2014/04/02

Erdian, Asier Vallejo, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, eta Etxepareko Mari Jose Olaziregi eta Aizpea Goenaga, katedren zenbait arduradunekin (argazkia Etxepare)
Erdian, Asier Vallejo, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, eta Etxepareko Mari Jose Olaziregi eta Aizpea Goenaga, katedren zenbait arduradunekin (argazkia Etxepare)

PUBLIZITATEA

Hil honetan jarriko da abian Nevada-Renoko unibertsitate estatubatuarrean Jon Bilbao Katedra, Center for Basque Studieseko Euskal Liburutegiaren sustatzaile izan zen ikerlariaren omenez. Katedraren aurreneko irakaslea Pedro J. Oiarzabal historialaria eta Diasporan aditua izango da. Honekin, dagoeneko bost katedra sustatzen ditu Etxeparek munduko beste hainbeste unibertsitatetan: New York, Chicago, Frankfurt, Liverpool eta, orain, Reno.

Donostia-San Sebastián. Etxepare Institutuak atzo aurkeztu zuen Donostian aurten erakunde honek sustatzen dituen katedrek burutuko dituzten programak. Gainera, institutak katedra berri bat aurkeztu zuen: Nevada-Reno Unibertsitateko Jon Bilbao Katedra. Hil honetan bertan abiatuko da katedra eta Pedro J. Oiarzabal Deustuko unibertsitateko doktore eta historialaria izango du irakasle.

Etxeparek eta Nevadako Unibertsitateak sortu dute Jon Bilbao Katedra, izen bereko ikerlariaren jaiotzaren mendeurrenean. Historialari eta bibliografoa, Bilbao Renoko Euskal Liburutegiaren bultzatzaile izan zen. Katedraren helburua euskal diaspora eta euskal kulturari buruzko ikerketak nazioartean sustatzea izango da.

Asmo horrekin, Pedro J. Oiarzabal arduratuko da katedraren lehen egitasmoaz: "Memoria Bizia, Proyecto sobre el Patrimonio Vivo de la Diáspora Vasca, 2014-16. Estados Unidos y Canadá" ikerketa. Egitasmo honen sustatzaile dira Etxepare, Kanpoan den Euskal Komuniatetarentzako Zuzendaritza, North American Basque Organizations (NABO)  euskal etxeen federazioa eta Deustuko Unibertsitatea.

Chicago, Frankfurt, Liverpool eta NY

Katedra hau aurkezteaz gain, Etxepare Institutuak beste lau katedren programa eta arduradunen berri eman zuten. Horrela, Chicagoko Unibertsitateko Koldo Mitxelena katedraren aurtengo arduraduna Miren Azkarate EHUko katedraduna izango da. Maiatzaren 5a eta ekainaren 7a bitartean euskara sustatzeko politika eta planei buruz jardungo da Chicagon.

Frankfurteko Goethe Unibertsitateko Eduardo Chillida katedraren zuzendari izango da aurten Jonathan Wood aditua, Henry Moore Institutuko proiektu koordinatzaile eta Leeds-eko Unibertsitateko irakaslea. Chillidaren lana abiapuntu hartuz, irakasleak eskultura garaikideari buruzko programa eskainiko du. Horrekin batera bi mintegi eta topaketa ireki bat egingo dira, maiatzaren 8tik ekainaren 27ra bitartean. 

New Yorkeko Bernardo Atxaga katedrari dagokionez, aurten EHUko irakasle Iñaki Aldekoa izango da arduraduna, Mari Jose Olaziregiren lankidetzarekin. Urriaren 6tik 10era emango da katedra eta gai nagusia honakoa izango da: oroimenaren eragina euskal literaturan azken lau hamarkadetan.

Amaitzeko, Liverpool Unibertsitateko Manuel Irujo katedran Fellowship programa abiaraziko da, euskal erbestearen ikerketa eta irakaskuntza sustatzeko helburuarekin. Aurreneko irakasle gonbidatua Renoko Center for Basque Studies-eko Xabier Irujo historialaria izango da. Katedrak Manuel Irujori buruzko ikerketa sustatuko du 2015eko otsailetik aurrera.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia