euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskarak etorkizuna duela aldarrikatuz jardunaldiak egingo dira Madrilen martxoaren 13tik 15era

2012/03/01

Aizpea Goenaga, Etxepare Institutuaren zuzendaria, Madrilen atzo egin zen prentsaurrekoan jardunaldiak aurkezten (argazkia Etxepare)
Aizpea Goenaga, Etxepare Institutuaren zuzendaria, Madrilen atzo egin zen prentsaurrekoan jardunaldiak aurkezten (argazkia Etxepare)

PUBLIZITATEA

Etxepare Euskal Institutuak, Euskaltzaindiak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak "Euskarari Gorazarre" izeneko jardunaldiak egingo dituzte hil honetan Madrilen, euskal hizkuntzak etorkizuna duela eta hizkuntzalaritzan zein literaturan goi-mailako emaitzak ematen ari dela aldarrikatzeko. Ekitaldien artean, besteak beste, Henrike Knörr euskaltzaina zenari omenaldia egingo zaio; emakumezko euskal idazleekin mahaingurua egingo da eta Bernardo Atxagak eta Jabier Muguruzak "Katuak eta paradisua" ikuskizuna eskainiko dute. Jarduerak itxiz, martxoaren 16ean AT! ikuskizunaren bertsio eguneratua aurkeztuko da Madrilen.

Madril, Espainia. Atzo Madrilgo Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzan aurkeztu ziren jardunaldiak eta bertan izan ziren erakunde antolatzaileen ordezkariak. Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak jardunaldiak antolatzerakoan erakundeen arteko koordinazioaren garrantzia azpimarratu zuen, “Etxepare Euskal Institutuaren izpirituarekin bat eginez: elkarlanean egindako lan eta dinamikak abian jarriz eta defendatuz, gure hizkuntza eta kulturaren alde”.

Andres Urrutia euskaltzainburuak, bere aldetik, euskara “etorkizuneko izan nahi duen hizkuntza” dela esan zuen, “jakintza eta teknologi berrien mundu batean eta eguneroko erabilera eta lanketan bere tokia bilatzen ari dena”. Hori da, bere iritziz, “jardunaldien alde aipagarrienetariko bat, hizkuntzalaritza eta komunikazio alorretan gizarteak dituen eskakizun berrietara gero eta irekiago dagoen hizkuntzaren inguruan sortzen ari diren errealitate berriak ikusi ahal izatea”.  

Carlos María Hernándezek, Euskalerriko Adiskideen Elkarteko (RSBAP) ordezkariak, jardunaldiek elkarteko partaide izandako bi pertsona gogoan izango dituztela azpimarratu zuen: “alde batetik, euskara munduko erreferente izan zen Henrike Knörr”, 2008an zendu zen euskaltzainaren lana gogora ekarriz; eta, bestetik, Pedro de Yrizar “ikerlari, goi mailako hizkuntzalari eta Euskaltzaindiako Ohorezko Akademikoa izandakoa”.

Mari Jose Olaziregik, Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendariak, jardunaldien egitaraua azaldu zuen eta Madrilgo euskara ikasleekin egingo den topaketa batekin hasiko dela azpimarratu zuen. Ekitaldien artean aipatu zituen batzuk izan ziren “La Creación en el País Vasco: utopías y desafíos” mahai-ingurua emakumezko euskal idazleekin (Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Arantxa Urretabizkaia eta Eider Rodríguez) eta Bernardo Atxagak Jabier Muguruzarekin batera eskainiko duen “Katuak eta paradisua” ikuskizuna.

-Jardunaldien egitaraua, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia