Buenos Aires, Argentina. Katedra elkarlanean sortu dute Etxepare Euskal Institutuak eta Argentinako CONICET (Consejo Nacional de Investigaciones Científicas y Técnicas) erakundeak. Inaugurazio ekitaldia joan den ostiral iluntzean egin zen hiriburu argentinarreko San Martin Kultur Gunean, Etxepareko Irene Larraza zuzendaria partaide. Hitza hartu zuten bertan Larrazak berak eta Conicet-eko Historia eta Giza Zientzien Diziplina Anitzeko Institutuko Ariel Guiancek. Gonbidatuen artean, Sara Pagola Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria, Arantxa Anitua FEVAko lehendakaria eta kolektibitateko erreferente diren beste hainbat ordezkari eta lagun.
‘Amale Artetxe’ Katedra, Etxepare Institutuak munduko hainbat unibertsitate esanguratsutan kudeatzen dituen euskal katedretako bederatzigarrena da. Izenari dagokionez, ongi hausnartu eta Buenos Airesko Emakume Abertzale Batza erakundearen sortzaileetakoa eta lehenengo lehendakaria izan zen Amale Artetxeren (Bilbo, 1894 - Buenos Aires, 1986) izena hautatu zen (ikus EuskalKultura.eus-en aurreko artikulu bat hemen). Katedraren inaugurazioa, Artetxeri egindako omenaldia bilakatu zen, haren ondorengoak partaide eta haren biloba Ignacio Jaureguik familiaren izenean Larrazak oparitutako makila jaso zuela.
Zeremonia bukatuta Dantza pelikula proiektatu zen eta ondotik publikoak Telmo Esnal zuzendariarekin eta Gari Otamendi dantzariarekin hitz egiten eta galderak egiteko aukera izan zuen. Gogora dezagun, ekitaldiok programa zabalago baten barruan egin direla eta Katedra inauguratzeko mintegi bat eta bi hitzaldi eskaini dituela azken egunotan Buenos Airesko Unibertsitatean EHUko irakasle Santiago de Pablok eta Dantza tailer bat ere antolatu dela Telmo Esnal eta Gari Otamendiren ardurapean.
Institutu Etxepare Facebooken, Etxepare Euskal Institutua