euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mar del Platara bidaiatuko da Aizpea Goenaga, Etxepare Institutuaren egoitza inauguraturik Donostian

2010/11/02

Ezkerretik eskubira, Mari Jose Olaziregi, Blanca Urgell eta Aizpea Goenaga (argazkia EuskalKultura.com)
Ezkerretik eskubira, Mari Jose Olaziregi, Blanca Urgell eta Aizpea Goenaga (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Etxepare Euskal Institutuak Donostiako Prim kaleko egoitzako ateak ireki zituen ostiralean, euskal kultura munduratzeko erronkari ekiteko prest. Aizpea Goenagak, Institutuaren zuzendariak, erakundeak euskal kultur produkzioa ezagutzera emateko zubilana egin nahi duela azaldu zuen. Etxeparek Kataluniako Ramon Llull eta Espainiako Cervantes Institutuarekin hitzarmenak sinatuko ditu aurki eta munduko hainbat unibertsitatetan euskara irakurle programak indartzen eta sustatzen dihardu. Aste honetan Goenaga Argentinako Euskal Astean izango da, Diasporarekin ere harremanak sendotzeko asmoz.

Donostia-San Sebastián. Etxepare Euskal Institutuak ateak ireki eta bere irudia izango den marka aurkeztu zuen joan den ostiralean Donostiako egoitzan. Internet eta globalizazioaren arora egokituta, 1.545ean 'Euskara jalgi hadi mundura' idatzi zuen Bernat Etxepareren izena 'e bildua' bihurtu da.

Etxeparek euskara eta euskal kultura munduratzeko apustu horretan datorren urterako ia 3 milioi eurotako aurrekontua du. Institutuak gazteleraren Instituto Cervantes edo katalanaren Ramon Llull Institutua hartu ditu eredu bezala. Goenagak azaldu zuenez aurki hitzarmena sinatuko dute Cervantes Institutuarekin, besteak beste, munduan dituen egoitzak erabili ahal izateko, eta bidean da ere Llull Institutuarekin kolaborazioa gauzatuko duen hitzarmena. Iparraldeko eta Nafarroako erakundeekin ere harremanak sendotzeko asmoa agertu zuen Goenagak. "Eta Diasporarekin ere", gehitu zuen zuzendariak.

Blanca Urgell Kultura sailburuak institutu honekin Etxepareren euskara munduatzeko leloa egia bihurtu nahia azaldu zuen. "Asko izan dira bere hitzak hartuta enbaxadore lana egin dutenak", esan zuen. "Orain Etxepare geurea sustatu eta ezagutzera emateko tresna izango da".

Manhattan hartu

Ostiralean Mari Jose Olaziregi literatur kritikaria aurkeztu zuten Etxepareko Euskaren Sustapen eta Zabalkunderako zuzendari bezala, nahiz eta aste honetan hasiko den lanean ofizialki. Olaziregi Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea da eta eskarmentua du euskal literatura munduratzen. Nazioartean ibilbide polita izan zuen 'An Anthology of Basque Short Stories' liburua konpilatu zuen Renoko Unibertsitatearentzat 2004ean, eta harrez gero euskarara, gaztelaniara, errusierara eta italierara itzulia izan da.

Euskara munduratzeko lanean dagoeneko abian diren euskara irakurle programen garrantzia eta Diasporan euskara ikasten ari direnen ekarpena azpimarratu zituen Olaziregik. Hurrengo pausoak irakurle programa herrialde estrategikoetan indartzea izango dela azaldu zuen: Frantzia, Erresuma Batua, Alemania eta Estatu Batuak. "Leonard Cohen-en kantu hark zioen bezala, guk Manhattan hartu nahi dugu", esan zuen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia