euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Etxepare Institutua irakurle bila dabil Txile eta Argentinarako; eskabideak aurkezteko epea ostiralean itxiko da

2011/01/12

Txileko Unibertsitatea, Santiagon
Txileko Unibertsitatea, Santiagon

PUBLIZITATEA

Etxepare Euskal Institutuak Euskara eta Euskal Kulturako irakurlegoen kargu egingo diren bi irakasle aukeratzeko deialdia egin du; bata Txileko lau unibertsitatetan eta bestea Argentinako unibertsitate batean ariko da. Irakurle hauek 2011, 2012 eta 2013ko ikasturteetako klaseak emango dituzte. Postuen urteko soldata 18.000 eta 21.600 euro bitartekoa izango da. Eskabideak aurkezteko epea ostiral honetan bertan itxiko da.

Donostia-San Sebastian. Etxepare Euskal Institutuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Txile eta Argentinarako Euskara eta Euskal Kultura irakurleak hautatzeko deialdia dauka zabalik. Irakurleetako batek Txileko lau unibertsitateko ikastaroak hartuko ditu bere gain: Txileko Pontificia Universidad Católica, Universidad de Chile, Valparaisoko Pontificia Universidad Católica eta Universidad de Valparaíso. Argentinako irakurlea, aldiz, La Platako Universidad Nacionaleko irakurlegoaren kargu egingo da.

Txileko irakurleak otsailaren 1ean hasiko du lana eta bertan zerbitzua emango du 2013ko abenduaren 31 arte. Asteko lanorduak gutxienez 10,5 izango dira (1,5 ordu Universidad de Valparaíso-n, 3 ordu Valparaisoko Universidad Católica-n, 1,5 ordu Universidad de Chile-n eta 4,5 ordu Txileko Universidad Católican). Lan honengatik urtean jasoko duen zenbatekoa 21.600 eurokoa izango da.

Argentinako irakurlea, ostera, martxoaren 1ean hasiko da lanean eta bertan zerbitzua emango du 2013ko abenduaren 31 arte. Gutxienez 9 klase-ordu eman beharko ditu. Bere soldata urtetik urtera aldatu egingo da: 18.000 euro 2011an, 19.000 euro 2012an eta 20.000 euro 2013an .

Betekizunak

Deialdian parte hartu nahi dutenek Unibertsitate graduko titulua izan beharko dute (edo lizentzia). Lehentasuna izango dute Euskal Filologiakoek edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoek (A Hizkuntza: Euskara). EGA edo baliokidea ere eskatuko zaie, hautagaia Euskal Filologian lizentziatua izan ezean.

La Platako Unibertsitatearen kasuan, gainera, helduen, atzerritarren edo/eta gazteen taldeetan euskara irakasle bezala esperientzia izan beharko dute. Euskara babesteko eta sustatzeko erakundeetan parte hartu izatea ere baloratuko da; baita ere euskal etnografiari (erritualak, jatorrizko erlijioa, ohiturak, etab.) buruzko ezagutza izatea.

Eskabideak noiz/nola aurkeztu

Eskabideak honako e-mail helbidera bidali beharko dituzte hautagaiek: etxepare@etxepare.net.

Eskabideekin batera, hautagaiek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

1.- Pasaportearen fotokopia (edo bestela NANarena edo AIZerena)
2.- Curriculum vitae (gehienez ere bi orriko luzera duena)
3.- Proiektu pedagogikoa (Euskararen irakaskuntzaren lehen mailetan erabiliko den metodologia, sartuko diren euskal kulturari buruzko edukiak, egitea gustatuko litzaizkiokeen ekintza osagarriak, e.a.)

Eskabideak aurkezteko epea ostiral honetan bertan itxiko da.

Deialdiaren oinarri osoak (balio duten bakarrak) eta eskabideak aurkezteko inprimakiak, hemen.



Komentarioak

  • Loturak ongi daude

    Kaixo Lidia. Berriz ere begiratu dugu eta lotura ongi dago, gu geu gehintzat arazorik gabe sartu gara. Dena den, pdf bat da eta pdf-ak irakurtzeko arazoak badituzu, saia zaitez beste lotura honetan. Ea balio dizun.

    EuskalKultura.com erredakzioa, 2011/01/14 18:27

  • Arazoak jarraitzen du

    Barkatu, baina nik ere ez ezin dut deialdia ikusi. EHAAn ere zuzenean begiratu dut, baina berrian klikatuz gero ez da fitsik azaltzen. Zein izan liteke arazoa? Beste biderik ahal dago informazio guztia jasotzeko? Eskerrikasko

    Lidia, 2011/01/14 17:07

  • Konpondu dugu!

    Kaixo Oihana! Konpondu dugu arazoa. Orain loturan sakatu eta deialdia eta inprimakiak agertuko zaizkizu. Oraindik ere garaiz zabiltza eta animatu! Baina azkar ibili, epea itxi egingo da eta! Barkatu eragozpenak eta milesker abisatzeagatik. Zorte on! ;-)

    bego- EuskalKultura.com, 2011/01/13 13:17

  • Eskabidearen inprimakiak

    Egun on; Oihana Andueza nauzue, oiartzundik eta atzo igorri zidaten deialdi honen inguruko informazioa. Inprimakiak eduki nahi nituzke baina orrialde honetan ageri den linkak ez dit baimentzen. Ez dakit nire ordenagailuaren arazoa den edo beste inori ere gertatu zaion. Dena dela inprimakiak esku artean izatea gustatuko litzaidake. Nire eskaria aintzat hartuko duzuelakoan agurtzen natzaizue. Adeitasunez Oihana

    oihana Andueza, 2011/01/13 11:32

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia