Zornotza, Bizkaia. Etxepare Euskal Institutuaren mundu mailako unibertsitate sarean euskara eta euskal kultura ikasten duten ikasleetako 33k aurrez-aurreko ikastaro trinkoa egingo dute Zornotzako Aurten Bai barnetegian, eta beste 16k online ikastaroa burutuko dute. Etxepare Euskal Institutuak 2012tik eskaintzen ditu euskara ikasteko egonaldiak egiteko bekak. Aurten, izen-emate kopurua inoizko altuena izan da. Hori dela eta, eskariari erantzuna eman eta inor kanpoan ez uzteko, beka kopurua handitu egin da, adierrazi dute Etxepare bertatik prentsa ohar baten bidez.
Etxepare Euskal Instututuak azaltzen duenez, aurten lehenbiziko aldiz, egonaldiak bi txandatan burutuko dituzte. Lehenbiziko txandan, uztailaren 18tik 29ra, egongo diren 16 ikasleak Zornotzan dira jada, eta Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak harrera egin die. Bost ikasle Kataluniatik etorri dira; Mexikotik lau; Alemania, Frantzia eta Txekiar Errepublikatik bina, eta bat Poloniatik. Euren euskara mailaren arabera kokatu dituzte klaseetan, barnetegian dauden beste ikasle batzuekin batera, gehienak A1 mailan. Egonaldiaren helburua da euskalduntzearen maila bat egitea. Data berdinetan, beste 17 ikaslek online ikastaroa egingo dute, nork bere herrialdetik.
Bigarren txandan berriz, abuztuaren 1etik 12ra, 17 ikasle etorriko dira: Poloniatik eta Finlandiatik hiru; Errusia, Mexiko eta Alemaniatik bi; eta Argentina, Uruguai, Japonia, Italia eta Kataluniatik ikasle bana. Ikasleek Aurten Bai-ko programa jarraituko dute eta bertan hartuko dute ostatu.
Ikasleetako bik, Institutuak urtero antolatzen duen idazlan lehiaketa irabazi ostean, egonaldia ez ezik, euren herrialdeetatik Euskal Herrirako joan-etorria ordainduta dute. Aurtengo edizioan jasotako 14 idazlanen artean, Maria Fernanda Garduño mexikarrarena izan zen hautatua. UNAM unibertsitateko ikaslea da bera, eta lehenbiziko txandan ari da egiten egonaldia. Iazko edizioaren irabazlea berriz, Natalia Meteleva Moskuko Lomonosov Unibertsitateko ikaslea da, eta bigarren txandan ariko da, lehengo urtean, Covid-19 pandemiaren ondorioz, egonaldia bertan behera geratu ostean.
Hauek ez dira ordea 2022. urtean zehar Euskal Herrira euskara ikastera etorri diren ikasle bakarrak. Izan ere, urtarrilaren 17tik 28ra, Txile eta Uruguaiko ikasle banak egin baitzuten aurrez-aurreko ikastaro trinkoa, eta bederatzik onlinekoa.
Euskara ikasteko bekak
Atzerrian euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntza, ikusgarritasuna eta hedapena helburu, Etxepare Euskal Institutua eta Aurten Bai Fundazioaren arteko hitzarmenari esker, Institutuaren nazioarteko unibertsitate sareko ikasleek Zornotzako Aurten Bai barnetegian euskara ikasteko egonaldia egiteko aukera dute. Etxeparek eta Aurten Bai Fundazioak erdibana bere gain hartzen dute ikastaroaren, ostatuaren eta otorduen kostua eta ikasle hautatuek asegurua eta bidaia ordaintzen dute. 2020. urtetik online ikastaroa ere eskaintzen da. Halaber, ‘Aurten euskara bai!’ idazlan lehiaketa antolatzen du Etxeparek urtero, unibertsitate sareko ikasleei zuzenduta. Irabazleari, egonaldia ez-ezik, bere herrialdetik Euskal Herrirako joan-etorria ordaintzen dio.
Etxepare Euskal Institutuak bultzatuta, munduko 35 unibertsitatetan ematen dira euskara eta euskal kulturako klaseak eta 1300dik gora dira euskal ikasketekin loturiko gaietan matrikulatuta daudenak.