euskal diaspora eta kultura
2012/10/08
PUBLIZITATEA
New York, AEB. Pozik agertu zen iragan ostiralean Josean Fernandez, Euskadiko Filmategiko zuzendaria, CUNY City University of New York unibertsitateko Bernardo Atxaga Katedraren barruan eman zuen ikastaroarekin. Euskal zinea izan zuen hizpide eta ikasleek ere balioespen oso baikorra egin zuten. “Motza izan da”, horixe izan zen ikasleek aipatu zuten alde txar bakarra.
Ikastaroan 70 hamarkadatik gaur egunera arteko euskal zinemagintzaren hiru belaunaldi aztertu zituen Fernandezek, beti ere, testuinguru historikoa oinarri harturik, “gure zineak jorratzen dituen gaiak ulertzeko guztiz ezinbestekoa” delakoan. Fernandezek ikasleen interesa azpimarratu zuen: “euskal zinearekiko jakinmina piztu duelakoan nago, eta horrek sekulako garrantzia dauka”, agertu zuen. Ikastaroaren azken egunean bisitari berezia izan zuten, Imanol Uribe euskal zinegilea, eta ikasleek berarekin solasteko aukera izan zuten.
Laboaren ahotsa Sagar Handian
Etxeparek gonbidatua, Manhattanera bi luzemetraia aurkeztera etorri zen Uribe. Emanaldiak larunbatean egin ziren New Yorkeko Cervantes Institutuaren egoitzan. Uribek "Haika Mutil" dokumentala eta "Miel de Naranjas" filmea aurkeztu zituen. Javier Rioyo New Yorkeko Cervantes Institutuko zuzendariak eta Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutukoak aurkeztu zuten emanaldia. Ondoren solasaldi bat burutu zuen zuzendariak Paul Julian Smith CUNYko irakaslearekin.
[Ezkerretik eskubira Paul Julian Smith eta Imanol Uribe, solasaldian (argazkia Etxepare)]
"Haika mutil" (1997) dokumentalean Uribek Mikel Laboaren soslai hunkigarria egiten du, Bernardo Atxagaren gidoiarekin eta Javier Aguirresaroberen argazki-zuzendaritzarekin. Zenbait ikuslerentzat Laboaren musika eta euskera bera lehen aldiz entzuteko parada izan zen. "Miel de Naranjas" (2011) filmean, berriz, Uribek bi neska-mutilen arteko amodio istorioa kontatzen du, Francoren menpeko 1950eko hamarraldi gogorrean girotua.
Aste honetan, zinea eta Gerra Zibila
Ekitaldiek aste honetan zehar jarraituko dute, besteak beste igandean abiatu zen "Gerra Zibila Euskal Herrian" zikloarekin. New Yorkeko Anthology Film Archives filmategi ospetsuan egiten ari dira emanaldiak. Atzoko saioan Fernando Arrabalen El árbol de Guernica (1975), Robert Hessens eta Alain Resnaisen Guernica (1950) eta Helena Tabernaren La buena nueva (2008) filmak izan ziren ikusgai.
[Gerra Zibila Euskal Herrian zikloko lehen saioan, Joxean Fernandez eta Iker Ganuza "La Buena Vida" filmea aurkezten (argazki Etxepare)]
Tabernaren lana Joxean Fernandezek eta Iker ganuza ekoizleak aurkeztu zuten eta emanaldiaren ostean Ganuzak eta Aizpea Goenagak ikusleen galderei erantzun zieten. Galderak asko eta gai askotarikoak izan ziren: euskaldunek gerra zibilean eta Francoren garaian bizitakoak, oroimen historikoa, euskararen egoera garai hartan nahiz gaur egun, zinea euskaraz egiteko zailtasunak, pelikularen filmatzea eta finantzaketa… Gustura aritu ziren Ganuza eta Etxepare Institutuko zuzendaria hauei erantzuten.
Zikloak astean zehar jarraituko du eta, besteak beste, ikusgai izango dira J.A. Zorrilaren Lauaxeta (1987), Jaime Caminoren Los niños de Rusia (2001) eta Julio Medemen Vacas (1992).
Basque Cultural Exchange-New York Fall 2012 egitaraua, hemen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus