Etxepare Euskal Institutuak --Jaurlaritzako Kultura Sailaren baitan dagoen erakunde autonomoak-- deialdia zabaldu du bere barne promozioagatik hutsik geratu den Kultura Sustatu eta Hedatzeko Zuzendari kargua betetzeko. Artikulu honetan jarraian bildu ditugu Donostiako Tabakaleran egoitza duen Etxeparek eskaintzen dituen baldintzak eta eskatzen dituen betekizunak. Gogoan hartzeko beste puntu garrantzitsu bat: hautagaitzak aurkezteko epea otsailaren 13an bukatzen da, datorren asteko asteartean.
Donostia-San Sebastian. Etxepare Euskal Institutuak Kultura Sustatu eta Hedatzeko Zuzendaria hautatzeko prozedura jarri du abian. Institutuaren zuzendaritzaren pean lan eginez, bere xedea euskal kultura sustatzea eta hedatzea izango da. Arloak honako eremuak hartzen ditu: musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinema, literatura, arkitektura eta diseinua.
Bere eginkizunak honako hauek izango dira:
• Euskadiko arte sorkuntza hedatzea, nazioarteko eszenan programa dadin sustatuz.
• Artistak eta lanak ibil daitezen laguntzea.
• Sorkuntza garaikidea eta ondare historikoa ezagut dadin sustatzea.
• Nazioarteko kultura erakustaldiak antolatzea.
• Arteak hedatzeko ekintza estrategikoak sustatzea.
• Kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea, nazioarteko eszenan Euskadiko sorkuntza ezagutarazteko.
• Euskarazko literatura, pentsamendua eta ikerketa sustatzea, pentsamenduzko eta zientzia ikerketazko obrak kanpoan proiektatuz, bai eta Euskadiko pentsamendu eta kultura aldizkarien bidez ere.
Eskakizunak:
• Goi mailako unibertsitate titulua.
• Euskararen 3. hizkuntza eskakizuneko titulu ofiziala edo baliokidea, 297/2010 Dekretuan eta 47/2012 Dekretuan zehaztutakoari jarraituz.
• Ingelesez jakitea, C1 mailan. Kontuan hartuko da frantsesez jakitea.
• Antzeko eginkizunetan eta nazioarteko proiektuetan esperientzia izatea.
• Aintzat hartuko da Etxepare Euskal Institutua eta euskal kultura ezagutzea
Berehala lanean hastea eta lanpostuaren mailari eta ezaugarriei dagozkien diru irabaziak eskaintzen dira. Hautagaitzak aurkezteko epea 2018ko otsailaren 13an amaituko da.
-Argibide gehiago hemen klikatuz, hemen.